2026/10/13 | GOIENA
Geurea RT osatzen duten Arrasateko, Elorrioko eta Zornotzako neskek indarrak batuko dituzte, bigarren urtez jarraian, iazko urte borobilaren ostean, bigarren denboraldiari ekiteko. Denboraldiaurrean murgilduta dago taldea, eta zapatu honetan, hilak 17, hasiko dute Euskal Liga. Guztira hamar taldek osatuko dute liga –Uni Bilbo, Uribealdea, Donostia, La Unica, Hernani, Gaztedi, Durango, La Rioja, Txingudi eta Geurea RT–, eta Mungiako Uribealdea taldearen kontra jokatuko dute denboraldiko lehena, Elorrion.

Denboraldiaurre luzea
Taldeak, baina, abuztu amaiera ezkero darama entrenatzen, eta bi lagunarteko jokatu ditu, ligako lehen partidura “erritmo onean” heltzeko. “Taldea oso motibatuta dago, denboraldiaurrea gogo handiz hasi dugu, eta iaz lortutakoak ere asko motibatzen gaitu”, adierazi du Geurea RTko jokalari Amalur Arizabaletak. Euskal Liga hasi ez bada ere, “gogor” entrenatu da taldea, eta, tartean, Durango eta Donostia taldeen aurka jokatu dituzte denboraldiaurreko partiduak.
“Oso lan ona” egiten ari direla adierazi du Arizabaletak: “Entrenamenduei dagokienez, fisikoki lan handia egin dugu denboraldi hasierara ahalik eta ondoen heltzeko eta erritmoa hartzen hasteko, eta horretarako oso ondo etorri dira jokatu ditugun bi lagunartekoak”.
“Gogotsu” liga hasteko
Datorren zapatuan hasiko duten denboraldi berriari dagokionez, liga “desberdina” izango dela adierazi du Arizabaletak; izan ere, gainontzeko taldeen jokalari faltaren ondorioz, partidu asko hamabiko errugbi modalitatean jokatu beharko dituzte –talde bakoitzeko hamabi jokalari zelaian–: “Erronka izango da guretzat partidu asko hamabiko modalitatean jokatzea; beraz, joko sistema berri batera ohitu beharko dugu”.
Uribealdearen aurkako partidua, hain zuzen, hamabiko modalitatean jokatuko dute, eta, taldea erosoen sentitzen den modalitatea ez bada ere, partidua jokatzeko “oso gogotsu” daudela adierazi du Geurea RTko jokalariak: “Sentsazioak oso onak dira, baina ikusiko dugu ea zer moduz moldatzen garen”. Orain arte egindako lanarekin, taldea “oso egoera onean” dagoela nabarmendu du Arizabaletak, eta adierazi du jokalariek argi dutela iazko dinamika onarekin jarraitzea izango dutela helburu: “Ez partiduetan bakarrik, baita taldea hazten jarraitze aldera ere: jende berria erakartzen eta zelaian dauzkagun akatsak zuzentzen”.
Jokalari berriekin
Hori lortzeko bidean, taldea denboraldiaurrean “oso lan ona” egiten ari dela dio Geurea RTko jokalariak, eta hori horrela izateko arrazoi nagusiak “taldekideen arteko harreman ona” eta jokalari berrien etorrera izan direla gaineratu du: “Arrasateko jokalari gehiago batu dira taldera, eta oso ondo egokitzen ari dira. Hori oso pozgarria da guretzat, orain arte Arrasateko jokalari gutxi egon gara eta.
Gainera, seinale ona da jende berria egotea, eta, gure partetik, esango nuke denbora gehiago daramagun jokalari arrasatearrak oso pozik gaudela iaz Elorrioko eta Zornotzako jokalariekin batu eta Geurea RT sortzeagatik”.
Mailaz hobetzea helburu
Iaz taldeak Euskal Liga irabazi zuen, denboraldia borobiltzeko, baina aurten jokalariek oraindik “urrun” ikusten dute bigarren urtez jarraian finala irabazteko aukera. Hori horrela, iaz bezala, taldearen helburu nagusia joko maila hobetzea izango da: “Aurretik lan handia egin behar da hori lortzeko, eta orain, liga hasi gabe dagoela, oso azkar da horrelako zerbaitetan pentsatzeko. Talde berria gara, eta argi dugu gauza asko ditugula hobetzeko; beraz, argi dugu. Iazkoa gertatu behar baldin bada, gerta dadila”.