2024/10/2 | ISEI BARBERO /Argazkiak: artxiboa
2024-2025 denboraldia hemen da jada eta, Arrasate Errugbi taldeko seniorren kasua, estreinaldiko jardunaldia asteburu honetan jokatuko da. Julen Barrutiaren mutilek Nafarroa aldean izango dute aurreneko geralekua, Lekarozen, Maritxu Kajoiren biharamunean. Talde zuri-moreak BRT Menditarrak izango du aurrean aurreneko jardunaldian, eta partidua 17:00etatik aurrera jokatuko da.
Honako hau, baina, ez da izango klub zuri-moreak asteburu honetan izango duen hitzordu bakarra, egun berean 16 urtez azpikoek ere egingo baitute salto berdegunera. Kasu honetan aurkaria Hiruberri izango da, eta partidua goizeko 11:00etan jokatuko da Plaiaundin.
Asteburuko beste bi hitzorduak igandean izango dira: 14 urtez azpikoek hiruko txapelketa jokatuko dute Soraluzen 10:30ean hasita, Atletiko San Sebastian/Hernani eta Txingudi/Baztan/Orereta konbinatuen kontra. Azkenik, Errugbi Eskolako neska-mutikoek Hondarribiko hondartzan izango den topaketan hartuko dute parte.
