2024/1/17 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa
Estreinatu berri dugun 2024ari ongi etorria etxetik kanpo eman bazioten, asteburu honetan zaleen aurrean jokatzea egokituko zaie Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako bi ekipoei. Biek ala biek Mojategin izango dute hitzordua, zapatuan. Neskak goiztiarrenak izango dira, eguerdiko 12:00etan La Unicari egingo baitiote aurre; mutilek, aldiz, Getxoren kontra neurtuko dituzten indarrak 16:30eatik aurrera.

Ez dute nahi bezala hasi urtea klub zuri moreko seniorrek, mutilek zein neskek porrot argiak jaso baitzituzten iragan asteburuan. AGT Arrasate/Eibarrek Ordizian lehiatu zuen goierritarrek Bera Berarekin batera partekatuta duten taldearen kontra eta, zerbait positiboa urratzeko itxaropenarekin joan baziren ere, etxekoak 95-5 nagusitu ziren.
Gauzak horrela, Altamiran izandako estropezua ahazteko asmoarekin zelairatuko dira zapatuan Mojategin, zaleen hauspoa bidelagun, garaipenaren bidera itzultzeko helburuarekin. Nafarrak AGT Arrasate/Ordiziaren aurkari zuzenak dira, bosgarrenak baitira 25 punturekin, konbinatu gipuzkoarrarekiko lau puntuko abantaila dutela.
Getxoren kontra mutilak
Nesken partidua eta gero, arratsaldean, mutilen txanda izango da. Julen Barrutiak zuzendutako taldeak Getxoren kontra neurtuko ditu indarrak, Elorrion jasotako porrotarekin urtea estreinatu eta gero. Gogoratu beharra dago, lehen itzulian, galdutako bi partidu bakarrak bi talde bizkaitar hauen kontra izan zirela, hortaz, pasa den astean estreinatu zen bigarren itzuli honetan istorioa ez errepikatzea bilatuko dute.
Nesken kasuan bezala, Getxo ere Kanpanzar Arrasateren aurkari zuzena da, puntu bat gutxiago baino ez baitauka. Barrutiaren mutilak seigarrenak dira 26 punturekin, jokatutako 10 partiduetatik sei irabazita. Getxok partidu bat gutxiago irabazi du, baina Kanpanzar Arrasatek baino puntu gehiago urratu ditu bonusen bitartez eta, orotara, 25 ditu. Testuinguru honetan, norgehiagoka parekatua aurreikusten da zapatu arratsalderako Mojategin.

Kartelera
Talde nagusien partiduez gain, harrobiko neska-mutikoek ere salto egingo dute berdegunera asteburu honetan. Elorriorekin batera taldea partekatzen duten 16 urtez azpikoek Iruñeari egingo diote aurre zapatuan, goizeko 11:00etan, San Txismen. Zertxobait beranduago, 12:30ean, leku eta taldekide berdinekin, 18 urtez azpikoek Hernaniren kontra neurtuko dituzte indarrak.
Igandean beste bi hitzordu izango dira: goizeko 10:30ean 14 urtez azpikoek, Gipuzkoako Errugbi Federazioak antolatuta, teknifikazio saioa izango dute Mutrikuko San Migel zelaian; ordu berean, baina Eibarren, Ipurua futbol zelaiko ondoko zelaian izango den topaketan hartuko dute parte Errugbi Eskolako neska mutikoek Eibar/Mutriku, Iruñea, Ordizia eta Soraluzerekin batera. Inklusiboko taldeak atsedenaldia izango du asteburu honetan.
0 comentarios