2023/10/29 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa
Arrasate Errugbi Taldeko neskek denboraldiko bigarren garaipena erdietsi dute asteburu honetan. Erik Cuevas eta Asier Delgadok zuzendutako taldeak Errioxari egin zion bisita zapatuan, eta bertan garaipen argia erdietsi zuen. AGT Arrasate/Eibar 5-75 nagusitu zen eta, modu honetan, sailkapen burura begira jarri da.
Partidua berehala jarri zen konbinatu gipuzkoarraren alde, bigarren minuturako markagailuak 0-7 erakusten baitzuen, Kate Nugenten entsegua eta Oihaneren transformazioari esker. Lehen zatiko ordu erdia igarota, bisitariek beste hiru entsegu eginak zituzten –bi Nugentenak eta Irene Dolara kapitainarena bestea-, horietako bi Oihanek transformatuta.

0-26koarekin Errioxaren nolabaiteko erreakzioa etorri zen, 35. minutuan lortutako entseguarekin. Etxekoen pozak, baina, ez zuen luzaroan iraun, lehenengo zatia amaitzear AGT Arrasate/Eibarrek entsegu berri bat lortu baitzuen, oraingo honetan Lorea Segoviak egina eta Nut Morak transformatuta. Gauzak horrela, 5-33ko emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.
Bigarren zatia bisitarien bakarrizketa izan zen, eta minutuek aurrera egin ahala entseguak bata bestearen atzetik etorri ziren. Hirugarren minuturako Idoia Goyak konbinatu gipuzkoarraren seigarren entsegua lortu zuen, eta Nut Mora berriro ere eraginkor aritu zen transformazioa gauzatzerako orduan (5-40). AGT Arrasate/Eibarrek beste bost entsegu lortu zituen –Aiora Ibar, Lorea Segovia, Nut Mora (2) eta Iraide Toyosenak- bigarren zatian, eta guztietan bidali zuen baloia zutoinen artera jaurtitzaile zuri-moreak.
Honenbestez, 5-75 AGT Arrasate/Eibarren alde eta, esan bezala, konbinatu gipuzkoarra sailkapen burura begira dago jada. Gipuzkoarrak honezkero, lau jardunaldi jokatuta, bigarrenak dira 11 punturekin, Gaztedi liderretik bederatzira. Atzetik, puntu bat gutxiagorekin, Durango, La Unica eta Uni Bilbo hirukotea daude. Cuevas eta Delgadoren neskek etxean jokatuko dute datorren asteburuan, oraingo honetan Sarako Izarraren kontra.
Beste emaitza batzuk
Neskek bezala, Euskal Ligako 1. Mailako mutilek ere garaipena ekarri dute etxera, kasu honetan iruñean jokatutako partiduan. Julen Barrutiak zuzendutako taldea 22-49 nagusitu zen Iruñean zapatu arratsaldean. Elorriorekin batera aritzen diren 18 urtez azpikoek ere irabazi egin zuten Ordizian (26-45); 16 urtez azpikoak, aldiz, leku eta aurkari berdinaren kontra, esku hutsik geratu ziren (47-22).
0 comentarios