2023/10/29 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Artxiboa
Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek denboraldiko bigarren garaipena erdietsi dute, asteburu honetan, Iruñean, 22-45 irabazi eta gero. Julen Barrutiak zuzendutako taldea hasieratik jarri zen aurretik markagailuan eta, partiduak gorabeheraren bat edo beste izan bazuen ere, sarrailagileek hasieratik lortutako errenta kudeatzen jakin izan zuten.
Esan bezala, Kanpanzar Arrasate hasieratik jarri zen aurretik markagailuan, zortzigarren minutuen Iraitz Arriaranek lortutako entseguari esker. Hori gutxi balitz, ordu laurdena igaro berri, Joseba Santa Cristinaren entsegu berri batek bisitarien errenta handitu egin zuen eta, bi minutu beranduago, Manex Olabarria izan zen arrasatearren aldeko tantoa lortu zuena. Arizaletak ez zuen hutsik egin transformazioak gauzatzerako orduan eta, honenbestez, 20. minuturako markagailuak 0-21ekoa erakusten zuen.
Une horretan etxekoen susperraldia etorri zen, bi entsegu, horietako bat transformatuta, eta zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten bitartez. 15-21ekoarekin, baina, Kanpanzar Arrasatek kolpe berri bat eman zuen, Aitor Abarrategiren entsegua eta Arizaletaren transformazioarekin. Gauzak horrela, 15-28ko errentarekin joan ziren atsedenaldira Barrutiaren mutilak.

Bigarren zatia hasi eta berehala, bosgarren minutuan, Kanpanzar Arrasatek aurrerapauso berria eman zuen garaipenerako bidean, Oihan Irasuegiren entseguarekin –Arizaleta beti bezain eraginkor aritu zen baloia zutoinen artean bidaltzean-. 15-35ekoarekin, ordea, Iruñeak ez zuen amorerik eman, eta entsegu berri batek markagailua berriro ere estutu zuen (22-35).
Etxekoen pozak, baina, ez zuen luzaroan iraun, bi minutu beranduago Ioritz Astaburuagak sarailagileen seigarren entsegua lortu baitzuen. Oraingo honetan Arizaletak ez zuen asmatu, ez transformazio honetan ezta partidua amaitzeko 12 minuturen faltan Unai Suinagak lortutako entseguan ere. Gauzak horrela, partidu amaieran Kanpanzar Arrasate nagusi 22-45ko emaitzarekin.
Garaipen berri honek, denboraldiko bigarrena, beste bultzada bat eman dio Kanpanzar Arrasateri eta, honezkero, seigarren sailkatua da bederatzi punturekin. Sarrailagileek datorren asteburuan hitzordu berri bat izango dute, Atletiko San Sebastianek Mojategira egingo duen bisitarekin.
Beste emaitza batzuk
Mutilek bezala, AGT Arrasate/Eibarreko neskek ere garaipena ekarri dute etxera, kasu honetan Logroñon jokatutako partiduan. Delgado eta Cuevasek zuzendutako taldea 5-75 nagusitu zen Logroñon zapatuan. Elorriorekin batera aritzen diren 18 urtez azpikoek ere irabazi egin zuten Ordizian (26-45); 16 urtez azpikoak, aldiz, leku eta aurkari berdinaren kontra, esku hutsik geratu ziren (47-22).
0 comentarios