2025/10/8 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek asteburu honetan estreinatuko dute denboraldia. Aurreneko partidua pasa den astean jokatzekoa zen, Uni Bilboren zelaian; bi taldeek hala adostuta, baina, norgehiagoka datorren zapatuan jokatuko da, 16:00etan. Gauzak horrela, estreinaldiko jardunaldia asteburu honetako izango da Julen Barrutiaren mutilentzat eta, honen baitan, Gipuzkoa Sortzen hartuko dute Mojategin zapatuan, 16:30eatik aurrera.
Kanpanzar Arrasatek estreinaldiko partidu honetan aurrean edukiko duen aurkariak ez du nahi bezala hasi ikasturtea, pasa den asteburuan jokatutako partidua galdu egin baitzuen. Donostiarrek Atletiko San Sebastiani egin zioten bisita, eta etxekoek garaipen argia erdietsi zuten, 39-7ko emaitzarekin. Gauzak horrela, egungo azken sailkatuak bisitatuko du Mojategi larunbat honetan.

Pasa den asteburuan abiarazitako Euskal Ligako 1. maila apirilera arte luzatuko da, 18 jardunaldiz osatuta egongo dena. Gipuzkoa Sortzen talde donostiarrarekin batera, honako hauek izango dira Barrutiaren mutilen aurkariak aurtengo denboraldian: Atletiko San Sebastian, Durango, Elorrio, Getxo, Uni Bilbo, Baztan, Uribealdea eta Errioxa.
Neskak
Mutilek ez bezala, senior mailako neskek ez dute azaroaren 1era arte hasiko liga txapelketa. Aurreneko partidua asteburu honetan jokatzekoa zen, Landare Tokin, Hernaniren kontra. Norgehiagoka, baina, bi taldeek aipatutako datara arte atzeratzea adostu dute. Gauzak horrela, Zabalaren neskek beste hiru aste izango dituzte ikasturte berria prestatzen jarraitzeko.
Esan beharra dago Arrasate Errugbi Taldeko neskek aurten Elorrio eta Urgozorekin partekatuko dutela taldea, azken ikasturteetan Eibar bidelagun izan eta gero. Geurea Errugbi Taldea izango da konbinatu euskaldunaren izena aurtengo denboraldian. 18 jardunaldiz, maiatzera arte, luzatuko den liga txapelketan beste zortzi aurkari izango dituzte: Getxo, Uni Bilbo, La Unica, Gipuzkoa Sortzen, Hernani, Txingudi Durango eta Gaztedi.
Kartelera
Asteburuko karteleraren baitan, zapatuan beste bi partidu izango dira, 18 eta 16 urtez azpikoena, hain justu ere. Lehenengoek, Ordiziarekin taldea partekatuz, Altamiran egingo diote aurre Iruñeari 12:00etatik aurrea. Bigarrenek, kasu honetan Elorrio bidelagun, Txingudiren kontra neurtuko dituzten indarrak goizeko 11:00etan San Roken.
Ohi bezala, igandean Errugbi Eskola eta Inklusiboko neska-mutikoen txanda izango da. Biek ala biek entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin, goizeko 10:30ean hasita. Egun berean, 13 eta 14 urtez azpikoen kategorian, Euskal Selekzioko entrenamendu saioa izango da.