2025/9/29 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Euskadiko Errugbi Federazioak honezkero argitaratu ditu 2025-2026 denboraldirako egutegiak eta, aurreikusita zegoen bezala, Euskal Ligak asteburu honetan jarriko dira martxan, urriko aurreneko asteburuan, hain justu ere. Senior mailako mutilek El Fango jokatu beharra zeukaten estreinaldiko partidua, Uni Bilboren kontra; bi taldeek hala adostuta, baina, neurketa atzeratu egin dute, eta urriaren 18an jokatu da.
Gauzak horrela, Barrutiaren mutilek aurreneko norgehiagoka urriaren 11an, larunbata, jokatuko dute Mojategin, 2. jardunaldiaren baitan, Gipuzkoa Sortzen taldearen kontra. Arrasatearren multzoan hamar talde izango dira orotara, 18 jardunaldietan zehar luzatuko den ligaxkan. Gipuzkoa Sortzen taldearekin batera, honako hauek izango dira Julen Barrutiaren mutilen aurkariak aurtengo denboraldian: Durango, Errioxa, Atletiko San Sebastian, Elorrio, Uribealdea, Uni Bilbo, Getxo eta Menditarrak.
Neskak Hernanin
Mutilek bezala, senior mailako neskek ere urriaren 11ko asteburuan jokatuko dute estreinaldiko partidua, kasu honetan Uni Bilboren kontra etxean. Joseba Zabalaren neskek aurten Elorriorekin partekatuko dute taldea, eta maiatzera arte luzatuko den ligan 18 jardunaldi jokatuko dira orotara.
Aurre-denboraldi honetan honezkero bi partidu jokatu ditu konbinatu euskaldunak, azkenekoa Durangon, pasa den asteburuan. Uni Bilboz gain, Hernani, Bera Bera, Txingudi, Gaztedi, La Unica Durango eta Getxo izango dira AGT Arrasate/Elorrioren aurkariak aurtengo ikasturtean.
18 eta 16 urtez azpikoak asteburu honetan
18 eta 16 urtez azpikoak izango dira Arrasate Errugbi Taldeko ekiporik goiztiarrenak, hauek guztiek asteburu honetan bertan hasiko baitute liga. Ordiziarekin batera taldea partekatuko duten 18 urtez azpikoek Durangoren zelaian izango dute aurreneko geraleku, eta Getxo, Iruñea eta La Unica izango dituzte aurkari A multzoaren baitan.
16 urtez azpikoek ere etxetik kanpo jokatuko dute lehenengo partidua, kasu honetan, Gernikan. Bizkaitarrekin batera, Zarautz, Gaztedi, Txingudi eta Getxo izango dituzte bidelagun bost jardunaldiz, azarora arte, luzatuko den ligaskan.