2025/7/9 | ISEI BARBERO | Argazkiak: Asier Urgoitia
Asteazken honetan, uztailak 9, Arrasate Errugbi Taldeak Ohiko Batzar Orokorra egin du. Urtero legez, hitzordua Mojategiko bilera gelan izan da eta, 18:00etatik aurrera bertan bildutako bazkideek, klub zuri-moreko Zuzendaritza Batzordeak plazaratutako datuak eta emandako azalpenak bertatik bertara jarraitzeko aukera izan dute.

Horrelako hitzorduetan ohikoa den bezala, arlo ekonomikoaren inguruko gorabeherek pisu handia izan dute. Zentzu honetan, beste urtebetez “parra eginda” amaitu du ekitaldia Arrasate Errugbi Taldeak, “defizit txikiarekin, 600 euro pasatxokoa”, hain justu ere. 2024-2025 ekitaldian klub zuri-morearen diru-sarrerak 110.633,38 eurokoak izan dira; gastuak, aldiz, 111.236,47 eurokoak. Testuinguru honetan, ikasturtea 603,09 euroko galerekin amaitu du ART-k.
Diru-iturriei dagokionez, azken urteetako kopuru berdinetan mugitu da Ramon Barrutia buru duen Zuzendaritza Batzordea. Finantziazio iturri garrantzitsuenetarikoa jokalarien kuotetatik eratorritakoa izan da, 26.000 euro pasatxorekin; maila txikiago batean, baina aurrekotik oso gertu, babesleak eta diru-laguntza publikoak egon dira, bakoitza 21.000 euro baino zertxobait gehiagorekin. Garagardo Azokak 9.100 euro inguru eman dizkio Arrasate Errugbi Taldeari, eta diru-laguntza pribatuen kopurua antzerakoa izan da.
Gastuen atalean, beste urtebetez jokalarien formakuntzara bideratu du dirurik gehiena Arrasate Errugbi Taldeak, entrenatzaile eta monitoreetan ia 40.000 euro inbertitu baititu, 39.718, hain justu ere. Jokalarien fitxatan eta autobus zerbitzuan ia beste 45.000 euro gastatu dituzte, 20.822 eta 23.185, hurrenez hurren. Azkenik, partidu, topaketa eta gainontzeko ekitaldietan ospatutako “hirugarren denbora” direlakoetarako 7.642 euro bideratuak izan dira.
“Datorren urterako, diru-sarrera zein gastuetan antzerako kopuruetan mugitzea aurreikusten dugu, aurrekontua antzerakoa izango dela”, eman du aditzera gaurko batzarrean Ramon Barrutiaren lantaldeak.
Kirol arloa
Kirol arloa ere izan dute berbagai gaurkoan. Aurtengo denboraldian Arrasate Errugbi Taldeak 230 jokalari inguru izan ditu: 30 senior mailako mutilen taldean eta, beste horrenbeste, amen ekipoan; 35na beterano eta inklusiboan, eta 15 emakumezkoen senior mailako taldean. 18 eta 16 urtez azpikoetan taldeak partekatutakoak izan dira, 10 eta 12 jokalariekin, hurrenez hurren. Azkenik, Errugbi Eskolan 35 neska-mutiko aritu dira.

Bazkideei aurkeztutako txostenean talde ezberdinek burututako jarduerei errepasoa eman diote, eta guztiekin “oso pozik” agertu dira. Senior mailako mutilei dagokionez, balantzea “ona” izan da orokorrean: “Mojategiko lanek eragindako zailtasunen gainetik, denboraldi hasiera bikaina izan zen; amaiera, aldiz, hobetzeko modukoa” azaldu dute. Julen Barrutiaren mutilek bosgarren postuan amaitu dute liga, azken unera arte play-offengatik borrokatzen ibili direla.
18, 16 zein 14 urtez azpikoetan jokalarien progresioa “oso ona” izan dela adierazi dute, eta “harro” agertu dira guztiek egindako lanarekin. Zentzu honetan, “eskerrik beroenak” eman dizkiete jokalariei “denboraldi osoan zehar erakutsita konpromisoagatik”. Errugbi Eskolan egindako lanarekin ere “gustura” agertu da ART-ko Zuzendaritza Batzordea.
Emakumezkoak
Neskei dagokionez, pasa den urtean bezala, ART-k talde bateratua osatu du senior mailan Eibarrekin batera, Euskal Ligan lehiatu duena. “Jokalariek konpromiso handia erakutsi dute talde bezala denboraldi osoan zehar eta, zentzu honetan, kalitatearen arloan emandako aurrerapausoak nabarmenak izan dira”, adierazi dute. Era berean, Arrasateko bost jokalarik Eibarko lehenengo taldearekin 1. Nazional Mailan lehiatu dutela azpimarratu dute.
“Gure ahalegina nesken oinarria maila goiztiarrenera eta neska gazteengana zabaltzera bideratuta dago, kirola aisialdirako eta osasunerako alternatiba izan dadin”, esan dute. Testuinguru honetan, “poliki-poliki” klubeko kategoria gehienetan nesken presentzia areagotzen ari dela eman dute aditzera: “14 eta 16 urtez azpikoetan kopuruak eta kalitateak gora egin du eta, horren adierazgarri, Gipuzkoa zein Euskadiko 14 urtez azpiko selekzioetan ordezkariak izan ditugula da”.
Eta emakumezkoen sailarekin jarraituz, harrobia eta senior mailako taldeekin batera, amena -Pirolitikak- izan da Arrasate Errugbi Taldeak izan duen beste zutabeetako bat. 2021. urtean sortua, bertan aurtengo denboraldian 30 jokalari inguru aritu dira errugbian, orotara Mater Series delako lau topaketatan parte hartu dutela: Alkorkonen bi eta, Valentzia eta Valladoliden, bana.

Zentzu honetan, datorren denboraldirako “erronka nagusia” horrelako hitzordua Arrasaten antolatzea izango dela iragarri dute, “Amarians 2025” izenekoa. Horretarako data ere aukeratua dutela eman dute aditzera, irailaren 20a, hain justu ere. Eskuartean dituzten datuen arabera, lau talde espero dituzte, 125 jokalarien parte hartzearekin.
Inklusiboa
Arrasate Errugbi Taldeko agintariak ere “oso pozik” agertu dira inklusiboko taldeak egin duen lanarekin. Bi astetan behin entrenamendu saioak burutu dituztela eman dute aditzera, Getxo, Elorrio, Donostia, Hernani edo Llaneran izandako topaketatan parte hartu dutela. Taldean “gero eta kide gehiago” dituztela nabarmendu dute, 30 neska-mutiletik gora, “Arrasatekoak ez ezik, bailarako herri ezberdinetatik datozenak ere”.
Inklusiboko neska-mutikoek burututako kirol jardueraz gain, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien -HUHEZI- fakultateko ikasle talde batek, Arrasate Errugbi Taldearekin elkarlanean, ekoiztutako ikus-entzunezkoa ekarri dute gogora, “Lumarik gabeko hegoak” izenekoa.
Beste batzuk
Beste gai batzuk ere izan dituzte berbagai ART-ko bazkideek gaurko batzarrean, tartean, ikasturtean zehar burutako jarduerei egindako errepasoa. Hauen artean, Garagardo Azokaren baitan SUDC elkarteari egindako aitortza aipatu dute, hala nola San Joanetako Gazte Olinpiadetan izandako parte hartzea, Maritxu Kajoi nobenaixuan jasotako urrezko inbutua edota ekainean antolatutako I. Koadrilen arteko Errugbi Txapelketa.
Beteranoen taldearentzat, Herensugeentzat, ere aipamen berezia izan du Ramon Barrutiaren lantaldeak: “Oraindik gazte sentitzen diren jokalariak dira, errugbilariaren esentzia zer den inoiz ahaztu ez dutenak, nahiz eta batzuetan gorputzak non dauden gogorarazi”. Zentzu honetan, taldea “inoiz baino biziagoa” dagoela adierazi dute, aurtengo denboraldian sei hitzorduetan hartu baitute parte.
Azkenik, Arrasate Errugbi Taldearen helburuen inguruan ere mintzatu dira, guztien artean, “errugbiaren bitartez pertsona guztien presentzia, parte hartzea eta garapena ahalbidetuko duen testuinguru sozial bat sortzea” behar duela izan gogoraraziz. “Arrasate Errugbi Taldean pertsonez osatutako testuinguru batean pertsona lehenestea da gure asmoa”, azpimarratu dute, “heziketa kirola beraren gainetik kokatutako paradigman”.
