2025/2/23 | ISEI BARBERO | Argazkiak: R. Santa Cristina
Asteburu goxoa izan da Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilentzat, play-offerako txartela eskuratzeko bidean erabakigarria izan daitekeen garaipena eskuratu baitute. Julen Barrutiaren mutilek Atletiko San Sebastianen kontra neurtu dituzte indarrak zapatu honetan, Mojategin, eta aise hartu dute mendean talde donostiarra. Azken emaitza 47-14 izan da etxekoen alde eta, modu honetan, honezkero puntu bakarrera dute hirugarren sailkatu Uni Bilbo.
Hamargarren minuturako markagailua alde izan du Kanpanzar Arrasatek, Oihan Irasuegiren entsegua eta Aitor Abarrategiren transformazioari esker. Zoritxarrez, lehenengo zatiko ordu laurdena igarota donostiarrek markagailua berdindu dute, baina atsedenaldira joan aurretik etxekoek beste bi entsegu egin dituzte, oraingo honetan Danel Argoitia eta Jokin Dolararen bitartez -Abarrategiren transformazioak barne-. Modu honetan, 21-7ko errentarekin joan da atsedenaldira Kanpanzar Arrasate.
Bigarren zatiak lehenengoaren bide beretik jarraitu du, eta ordu laurdenerako sarrailagileek errenta 33-7raino handitu dute, Ander Hickey eta Andoni Narbaizaren entseguekin. Ordurako Barrutiaren mutilek garaipena bideratuta zuten, eta Iraitz Arriaranen entseguak 40-7koa ezarri du markagailuan. Arauzko denbora amaitzeko 10 minutu eskasen faltan Atletiko San Sebastianek entsegua egin eta markagailua nolabait txukundu du (40-14), baina azken txanpan Manex Barrutiak lortutako entseguak, Abarrategiren transformazio berri batekin, amaierako 47-14koa ezarri du.
Gauzak horrela, 15 jardunaldi jokatuta Kanpanzar Arrasate laugarrena da sailkapenean 43 punturekin, orotara 10 garaipen eskuratuta. Sei jardunaldi baino ez dira geratzen liga txapelketa amaitzeko, eta datorren asteburuan atsedenaldia izango dute Barrutiaren mutilek. Hirugarren sailkatu Uni Bilbo puntu bakarrera dute arrasatearrek, hortaz, play-offa jokatzeko aukerak izan badituzte.
Beste emaitza batzuk
Senior mailako mutilek bezala, harrobi mailako taldeek ere hitzordua izan dute zapatu honetan. 18 eta 16 urtez azpikoek Getxoren kontra neurtu dituzte indarrak Mojategin, eta biak nagusitu dira, 82-12 eta 59-0 hurrenez hurren.
