2025/2/7 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa

Asteburu honetan Euskal Ligako 1. mailako 14. jardunaldia jokatuko da eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Durango hartuko dute etxean. Julen Barrutiak zuzendutako taldeak zapatuan jokatuko du, 16:30ean hasi, eta aurreko jardunaldian lortutako garaipenari jarraipena ematen ahaleginduko da.

Une honetan Kanpanzar Arrasate sailkapenaren erdialdean dago, seigarren postuan, jokatutako 12 partidutatik zazpi irabazita. Kontuan eduki beharra dago, Mojategin egindako lanak zirela-eta, arrasatearrek lehen itzuliko partidu gehiena etxetik kanpo jokatu behar izan zituztela. Testuinguru honetan, ligako azken txanpan zaleak izango dituzte bidelagun.

Durango 20 punturekin heltzen da Mojategira, hori bai, partidu bat gutxiago jokatuta. Bizkaitarrek lau garaipen baino ez dituzte eskuratu, eta azken hirugarrenak dira sailkapenean. Iragan asteburuko partidua galdu bazuten ere, Plaiaundikoa beti talde arriskutsua izaten da, beraz, ziur asko zapatuan Mojategira gerturatzen direnek neurketa parekatua ikusteko aukera izango dutela.

Kartelera

Senior mailako mutilenaz gain, zapatuan beste lau hitzordu izango ditu Arrasate Errugbi Taldeak. 18 eta 16 urtez azpikoek La Unicari egingo diote bisita, 12:30 eta 11:15ean, hurrenez hurren. 14 urtez azpikoek ere etxetik kanpo jokatuko dute, kasu honetan 14:15ean, Zarautzen zelaian.

Azkenik, zapatuan ere, hitzordu garrantzitsua izango da Mojategin goiz partean, Leintz Eskola Kirolarekin elkarlanean, errugbi jardunaldia burutuko baita. Ohi bezala, domekan Errugbi Eskola eta Inklusiboko taldearen txanda izango da, biek burutuko baitute asteroko entrenamendu saioa 10:30eatik aurrera Mojategin.