2025/1/15 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Asteburu honetako jardunaldia berezia izango da Arrasate Errugbi Taldearentzat, zapatuan (16:30), Kanpanzar Arrasatek eta Baztanek Mojategin jokatuko dute partiduaren atarian Ane Agirrek omenaldia jasoko baitu. Agirre klub zuri-moreko presidentea izan zen 2016 eta 2020 urte bitartean, eta azaroan zendu zen 53 urte zituela. Presidente izan baino lehen zuzendaritza batzordeko kide ere izan zen hainbat urtez, eta heriotzaren unean Euskadiko Errugbi Federazioko idazkaria zen. “Arrasate Errugbi Taldeak eskerrik beroenak eman nahi dizkio urteetan klubaren alde egindako lanagatik eta gure kirolaren aitzindarietako bat izateagatik”, adierazi dute.

Senior mailako mutilen partiduarekin batera, zapatuan beste hiru hitzordu izango ditu Arrasate Errugbi Taldeak. Goiztiarrenak 14 urtez azpikoak izango dira, 11:00etan Errioxaren kontra neurtuko baitituzte indarrak Prado Viejon. Eguerdi partean 16 eta 18 urtez azpikoen txanda izango da: Lehenengoek 13:00etan egingo diote aurre Txingudiri Plaiaundin eta, bigarrenek, ordu erdi beranduago egingo diote bisita Bera Berari.
Domekan nesken txanda izango da, bikoitza, gainera. Izan ere, AGT Arrasate/Eibarreko neskek 10:30ean Gaztediren kontra Gamarran jokatuko duten norgehiagokaz gain, Ohorezko Mailako errugbia izango da Mojategin. Eguerdiko 12:00etan Eibar eta Jabatas Most taldeen arteko lehia izango da ikusgai.
Azkenik, Errugbi Eskolako neska-mutikoak Logroñon izango dira, kasu honetan domekan ere. 10:30ean hasita, Prado Viejon izango den topaketan hartuko dute parte Sora, Errioxa, Eibar, Ordizia eta Mutrikurekin batera.