2024/12/5 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek liga txapelketari berrekingo diote asteburu honetan, oraingoan, etxetik kanpo. Julen Barrutiak zuzendutako taldeak Bizkaia aldera joango da zapatuan eta, 16:30ean hasita, Urgozori egingo dio aurre. Hitzordua Zornotzan izango da, eta bertan talde zuri-moreak aurreko jardunaldian Mojategin lortutako garaipenari jarraipena ematea bilatuko du.

Zazpi jardunaldi jokatuta zazpigarren sailkatua da Kanpanzar Arrasate 12 punturekin, hiru garaipen eta beste horrenbeste porrot jasota. Sarrailagileen aurretik Hernani eta Baztan daude 16 eta 15 punturekin, hurrenez hurren. Lidergoan Elorriok jarraitzen du garaipenen plenoarekin, orotara 29 puntu poltsikoratu dituela eta, atzetik, Uni Bilbo (23), Getxo (21) eta Bera Bera (20) daude.

Kanpanzar Arrasatek aurrean edukiko duen aurkaria oso bestelako egoeran dago, garaipen bakarra eskuratuta, azkenaurreko sailkatua baita Urgozo. Zornotzarrek lau puntu besterik ez dituzte, azken sailkatu Eibarren kontra lortutakoak, hain justu ere. Testuinguru honetan, hitzordu aproposa dirudi Barrutiaren mutilentzat garaipen berri bat eskuratzeko.

Neskak

Mutilek bezala, neskek ere zapatu arratsaldean jokatu beharra zeukaten, kasu honetan Logroñon Errioxaren kontra. Pradoviejokoek, baina, neurketara ezin direla aurkeztu jakinarazi dute eta, honenbestez, arautegiak dioena aplikatuz, Euskadiko Errugbi Federazioak irabazita eman dio partidua AGT Arrasate/Eibarri 0-21eko emaitzarekin.

AGT Arrasate/Eibarreko neskak.

Kartelera

Seniorrek bezala, 16 urtez azpikoek ere hitzordua izango dute zapatuan, kasu honetan Gasteizen. Eguerdiko 12:00etan hasita, Lakuako errugbi zelaian, Gaztediri egingo diote aurre. 18 zein 14 urtez azpikoek atsedenaldia izango dute asteburu honetan, inklusiboko neska-mutikoek bezala. Errugbi Eskolak, azkenik, igande goizean (10:30) burutuko du asteroko entrenamendu saioa.