2024/10/8 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa

Pasa den asteburuan denboraldia Nafarroa aldean garaipen batekin estreinatu eta gero, 15-19 hartu zuten mendean Baztan Lekarozen, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek ikasturteko bigarren hitzordua izango dute igandean. 11:30ean hasita, Julen Barrutiaren mutilek Bera Beraren kontra neurtuko dituzte indarrak Donostiako Mini-estadioan.

Sarragileek ez bezala, donostiarrek ez diote ondo ekin 2024-2025 denboraldiari, estreinaldiko jardunaldian porrota jaso baitzuten etxean Uni Bilboren kontra. Bisitariak 16-19 nagusitu ziren eta, honenbestez, ziur asko donostiarrak garaipenaren gosez izango direla igandeko hitzorduari begira.

Lehenengo jardunaldia jokatuta, bigarren sailkatua da Kanpanzar Arrasate lau punturekin, Getxo liderretik puntu bakarrera. Arrasatearrekin berdinduta Uni Bilbo eta Hernani daude; Bera Berak, berriz, puntu bakarra dauka, Baztanek eta Altetiko San Sebastianek bezala. Eibarrek, Durangok eta Elorriok oraindik ez dute punturik eskuratu.

Neskak Unben

Mutilek bezala, AGT Arrasate/Eibarreko neskek ere hitzordua domekan izango dute baina, kasu honetan, ordu erdi beranduago. Cuevas eta Delgadok zuzendutako taldeak goizeko 12:00etan ekingo dio ligari Unbeko berdegunean, eta Txingudiren kontra neurtuko ditu indarrak. Zertxobait lehenago Errugbi Eskola eta inklusiboko neska-mutikoen txanda izango da, kasu honetan Garagartzako zelaian. Lehenengoek goizeko 10:00etan ekingo diote entrenamendu saioari; bigarrenek, aldiz, 11:00etan.

AGT Arrasate/Eibarreko neskak pasa den denboraldian, Mutrikun.

Herensugeak

Beteranoen taldeak ere jokatuko du asteburuan, kasu honetan zapatuan. Herensugeek lagunarteko partidua izango dute Mojategin, 18:30ean hasita, Bartzelonako King´s Pebrots taldearen kontra. Goizean 16 eta 18 urtez azpikoen txanda izango da, Eibar eta Soraluzerekin batera Iruñeari egingo baitiote aurre Unben, 10:30 eta 12:00etan, hurrenez hurren. 14 urtez azpiko jokalariek, berriz, entrenamendu saioa burutuko dute Gipuzkoako selekzioarekin.