2024/3/24 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Ricardo Santa Cristina
Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek azkenean ez dute igoera faserako baliagarria den play-offa jokatukoa, igande honetan, Durangoren kontra Mojategin jokatutako partidu erabakigarrian, galdu eta gero. Sarrailagileei ezinbestekoa zitzaien garaipena eskuratzea bizkaitarren aurretik sailkatzeko baina, tamalez, bisitariak nagusitu egin dira 24-29ko emaitzarekin.
Aurreikusten zen bezala, lehia parekatua izan da oso, eta lehenengo kolpea mahai gainean bisitariek eman dute, bigarren minutuan entsegua eginda 0-7 aurreratu baitira. Barrutiaren mutilek erreakzioa, baina, berehala iritsi da, handik bost minutu eskasetara Suinagak entsegua egin eta, ondorengo transformazioa, Ibai Portalok ez du hutsik egin.
7-7koarekin etxekoek pausu bat aurrera eman dute eta, ordu laurdena betetzear zela, Gardoki kapitainak egindako entseguarekin talde zuri-morea aurretik jarri da markagailuan (12-7). Etxekoen pozak, baina, ez du luzaroan iraun, 20. minuturako Durangok entsegu berri bat egin eta berriro ere orekatu egin baitu markagailua (12-12).
Ordu erdia betetzear zela Ander Hickeyk berriro ere jarri du aurretik etxeko taldea baina, bost minutu beranduago, entsegua eginda eta ondorengo transformazioa gauzatuta, Durangok emaitza irauli egin du. Bazirudien 17-19koarekin amaitu behar zela lehenengo zatia baina, arauzko denbora agortzear zela, Ibai Portaloren entsegua eta berak gauzatutako transformazioa 24-19koa ezarri du markagailuan bi taldeek aldageletarako bidea hartu dutenean.
Bigarren zatian Julen Barrutiaren mutilek gai izan dira bizkaitarrei eusteko baina, ordu laurdena beteta, Durangok entsegua egin eta berriro orekatu du markagailua (24-24). Hamar minutu beranduago bisitariek entsegu berri bat egin dute eta berriro ere aurretik jarri dira (24-29). Oraindik ia 15 minutu falta ziren lehia amaitzeko, eta sarrailagileak saiatu egin dira baina, oraingoan, ez dute merezitako saririk jaso.
Gauzak horrela, Kanpanzar Arrasatek zazpigarren postuan amaitu du sailkapen fasea eta, honenbestez, ez du kategoriaz igotzeko baliagarria den play-offa jokatuko. Barrutiaren mutilek zortzi garaipen eta berdinketa bat poltsikoratu dituzte ligaska honetan jokatutako 18 jardunaldietan, 55 entsegu lortuz eta 70 jasoz.
