2024/2/28 | ISEI BARBERO / Argazkiak:  artxiboa

Asteburu honetan ez da hitzordurik izango Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako ekipoentzat.  Mutilek atseden jardunaldia izango dute eta, nesken kasuan, bigarren faseko estreinaldiko jardunaldian Iruñearen kontra Unben jokatu behar zuten partidua atzeratuta izan da.  Nafarrekin batera, denboraldiko bigarren urrats honetan AGT Arrasate/Eibarrek beste bost multzokide izango ditu:  Gaztedi, Txingudi, Sarako Izarra, Getxo eta Errioxa.  Maiatzaren 19a bitartean zazpi jardunaldi jokatuko dira eta, honen ostean, finalerdietako joan-etorriko partiduak eta, hilaren amaieran, final handia.

Senior mailako ekipoek ez bezala, Arrasate Errugbi Taldeko harrobiko ekipoek galtzak bete lan izango dituzte asteburu honetan.  Goiztiarrenak 14 urtez azpikoak izango dira, Soraluzerekin batera, goizeko 11:00etan Ordiziari egingo baitiote aurre Mojategin.  Zertxobait beranduago, 11:30ean, Elorriorekin batera aritzen diren 18 urtez azpikoek Zarautzen kontra neurtuko dituzte indarrak Lasarteko Michelin zelaian.  Azkenik, 12:00etan eta kasu honetan ere bizkaitarrekin taldea partekatuz, 16 urtez azpikoek La Unicaren kontra lehiatuko dute Iruñean.

Ohi bezala, igandean Errugbi Eskola eta inklusiboko neska-mutikoen txanda izango da.  Biek ala biek entrenamendu saioa burutuko dute Mojategiko berdegunean, ohiturari eutsiz, goizeko 10:30ean hasita.

Haizea Zabala Euskal Selekzioarekin

Bestetik, azken hilabetean bigarrenez, Arrasate Errugbi Taldeko Haizea Zabala 19 urtez azpiko Euskadiko Selekzioarekin aritu da, kasu honetan hilaren 25ean Elorrion Valentziaren kontra jokatutako partiduan, non etxekoak 15-10 nagusitu ziren.  Astebete lehenago ere Sevillan izan zen, Andaluziaren kontra indarrak neurtzen, hain justu ere.  Norgehiagoka hauek Selekzio Autonomikoen Espainiako Txapelketaren baitan kokatzen dira eta, ikusten den bezala, jokalaria arrasatearra ohikoa bilakatu da deialdietan.

Haizea Zabala Euskadiko taldekideekin batera.