2024/2/5 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa
Asteburu honetan Euskal Ligako jardunaldi berri bat izango dugu eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako bi ekipoek etxean jokatuko dute. Biek ala biek zapatuan izango dute hitzordua, eta goiztiarrenak AGT Arrasate/Eibarreko neskak izango dira, 10:30eatik aurrera Durangoren kontra neurtuko baitituzte indarrak Unben. Handik gutxira, 12:00etan, Kanpanzar Arrasateko mutilen txanda izango da, Iruñea izango baitute bisitari Mojategin. 2024a estreinatu genuenetik, mutilek zein neskek ez dute garaipenik eskuratu, gauzak horrela, joera negatibo horrekin amaitu eta urteko aurreneko garaipena bilatuko dute.
Neskek ez bezala, Julen Barrutiaren mutilek atseden jardunaldia izan zuten iragan asteburuan, beraz, fresko helduko dira zapatu honetako partidura. Urtarrilean jasotako porrotek sailkapen zulora eraman dute talde arrasatearra eta, 12 jardunaldi jokatuta, azken laugarrena da Kanpanzar Arrasate 28 punturekin. Sarrailagileek jokatutako partiduen erdia irabazi dituzte eta, zorionez, jaitsiera postuak urrun dituzte oraindik.

Horietako postu batean dago, hain justu ere, arrasatearrek zapatu honetan aurrean edukiko duten taldea. Iruñea ahazteko moduko denboraldia ari da egiten, orain arte jokatutako 12 jardunaldietan porrotak bata bestearen atzetik jaso baititu. Nafarrek puntu bakarra poltsikoratu dute orain arte, eta euren aurretik dagoen Eibarrek 12 puntu dauzka.
Testuinguru honetan, hitzordu aproposa zapatu honetakoa Kanpanzar Arrasaterentzat, garaipenaren bidera itzuli eta jaitsiera postuetako mamuak behin betiko usatzeko. Partidu honen ostean, eta liga amaitu bitartean, beste bost hitzordu izango dituzte Barrutiaren mutilek: Atletiko San Sebastian, Errioxa eta Uni Bilbo etxetik kanpo, eta Eibar eta Durango Mojategin.
Neskak Unben
Pasa den astean Elorriotik esku hutsik etorri eta gero, asteburu honetan zaleen aurrean jokatuko dute AGT Arrasate/Eibarreko neskek. Delgado eta Cuevasek zuzendutako taldeak Durango izango dute bisitari Unben, kategoriako ekipo indartsuenetarikoa. Izan ere, bizkaitarrak egungo bigarren sailkatuak dira, orain arte jokatutako 11 jardunaldietan porrot bakarra jaso dutela, eta 51 puntu dituen Uni Bilbo liderretik puntu bakarrera daudela.
Gauzak horrela, urteko aurreneko garaipena eskuratze aldera, hitzordu zaila konbinatu gipuzkoarrak zapatu honetan izango duena. AGT Arrasate/Eibarrek lau garaipen eskuratu ditu liga txapelketa martxan jarri zenetik, orotara 21 puntu batuz. Gipuzkoarrak bederatzigarrenak dira, aurretik Sarako Izarra (25 puntu) eta atzetik Getxo (17 puntu) dituztela.
Beste hitzorduak
Arrasate Errugbi Taldeak beste hainbat hitzordu izango ditu asteburu honetan, guztiak zapatuan. 16 urtez azpikoek goizeko 10:00etan jokatuko dute, , Elorriorekin batera Txinbaz taldeari egingo diote aurre Mojategin. 18 urtez azpikoek, berriz, honako hauek ere Elorriorekin taldea partekatuz, Getxoko Fadura errugbi zelaian jokatuko dute 16:00etatik aurrera.