2024/1/10 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa
Behin Gabonetako etenaldia atzean utzita, eta urte berria estreinatzearekin batera, Arrasate Errugbi Taldea zelaietara itzuliko da asteburu honetan. Kategoria gehienetako ekipoek egingo dute salto berdegunera eta, klub zuri-moreko senior zein emakumezko senior mailako taldeen kasuan, biek etxetik kanpo jokatuko dute. Neskek Ordiziari egingo diote bisita zapatu goizean (12:00); mutilek, aldiz, Elorrio liderraren zelaian jokatuko dute arratsaldean, 16:00etan hasita.
Asteburu honetakoa denboraldiko 10. jardunaldia izango da AGT Arrasate/Eibarreko neskentzat eta, abenduan jokatutako azken partiduan Bilbon porrota jaso eta gero, 2024a garaipenaren bidera itzuliz estreinatzea izango da erronka. Horretarako, beste konbinatu baten kontra neurtuko dituzte indarrak, Bera Bera/Ordiziaren kontra, hain justu ere.

Aurkari gogorra izango dute aurrean Cuevas eta Delgadoren neskek zapatuan, 28 punturekin laugarren sailkatua baita Bera Bera/Ordizia. Altamirakoek bi partidu baino ez dituzte galdu aurtengo denboraldian, halere, kontuan eduki beharra dago abendu hasieratik neurketarik jokatu ez dutela, Gabon aurretik izandako azken jardunaldian atsedenaldia izan baitzuten.
Testuinguru honetan, agian erritmo falta horrek mesede egin diezaioke AGT Arraste/Eibarri. Cuevas eta Delgadok zuzendutako taldeak orain arte jokatutako zortzi partiduen erdia irabazi du, lau, orotara 21 puntu batuz. AGT Arrasate /Eibar zazpigarrena da sailkapenean une honetan eta, Ordiziatik garaipena ekarriz gero, aurkari zuzenekiko aldea murriztuko luke.
Mutilak Elorriora
Senior mailako mutilek ere hitzordu gogorrarekin hasiko dute 2024a, bigarren itzuliko aurreneko jardunaldiaren baitan, denboraldiko hamargarrena, Elorrio liderrari egingo baitiote bisita. Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da San Txisme errugbi zelaian, eta bertan Barrutiaren mutilak sorpresa ematen ahaleginduko dira. Izan ere, bizkaitarrek partidu bakarra galdu dute ikasturte honetan eta, 41 punturekin, bakar bakarri daude sailkapen buruan, zortzi puntuko abantailarekin bigarren sailkatu Errioxarekiko.
Ohi bezala, intentsitate handiko norgehiagoka aurreikusten da zapatu arratsalderako Elorrion, arrasatearren eta elorriotarren arteko neurketak beroak izan ohi baitira. Kanpanzar Arrasatek hiru partidu baino ez ditu galdu aurtengo denboraldian, azkenekoa Gabon aurretik Durangon, eta 26 punturekin bosgarrena da sailkapenean. Elorriotik garaipena ekartzeak sailkapenean aurrerapauso berria ematea suposatuko luke, goialdeko taldeekiko aldea murriztuz. Erronka zaila izango da, baina ezinezkoa ez.

Kartelera
Esan bezala, Arrasate Errugbi Taldeko ekipo gehienek egingo dute salto berdegunera asteburu honetan eta, zapatuko jardunaldiaren kasuan, 14 urtez azpikoak izango dira goiztiarrenak, goizeko 10:30eatik Mojategin izango den lauko txapelketan hartuko baitute parte. Arrasate/Soraluzerekin batera Iruñea, Gaztedi eta Eibar/Mutriku izango dira nor baino nor.
Bestetik, igandeko hitzorduek ere Mojategi izango dute bateragune, ohi bezala, inklusibo zein Errugbi Eskolako neska-mutikoek asteroko entrenamendu saioa burutuko baitute goizeko 10:30ean hasita. 16 zein 18 urtez azpiko taldeek atsedenaldia izango dute asteburu honetan.