2023/11/29 |  ISEI BARBERO / Argazkiak:  artxiboa

Iragan asteburuan Eibarren denboraldiko bosgarren garaipena eskuratu eta gero, sailkapenean gora egiteko erabakigarria izango den hitzordua izango dute asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek.  Julen Barrutiak zuzendutako taldeak bigarren sailkatu Uni Bilbo hartuko du Mojategin, zapatuan, 16:30eatik aurrera.  Bi taldeen artean bost puntuko aldea baino ez dago, gauzak horrela, neurketa honetan garaipenak balio bikoitza izango du.

Iragan denboraldian Uni Bilbok Mojategira egindako bisita.

Denboraldi hasierako aurreneko bi partiduak galdu zutenetik, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek partiduak garaipen gisa zenbatzen dituzte, eta bide honetatik jarraitu nahi dute.  Esan bezala, zapatu honetan aurrean edukiko duten aurkaria ligako indartsuenetarikoa da, egungo bigarren sailkatua 27 punturekin.  Kanpanzar Arrasatek bezala, Uni Bilbok ere bi partidu baino ez ditu galdu, eta bonusengatik urratutako puntuek baino ez dute markatzen bi ekipoen arteko aldea.

Testuinguru honetan, partidu parekatu eta lehiatua aurreikusten da zapatu arratsalderako Mojategin.  Getxo eta Errioxa izan dira bilbotarren borrero orain arte, azkeneko hauek denboraldi estreinaldiko jardunaldian; Elorrio liderraren kontra, ordea, irabazteko gai izan dira.  Mojategin garaipena geratuz gero, Uni Bilboren pare jarriko lirateke Barrutiaren mutilak, eta lidergotik gero eta gertuago, gainera.

Kartelera

Asteburu honetan talderik gehienek atsedenaldia izango dute, eta 14 urtez azpikoak izango da salbuespen bakarretarikoa, igandean Soraluzen izango den tekinifikazio saioan (10:30) hartuko baitute parte.  Egun eta ordu berean, eta asteroko ohiturari eutsiz, Errugbi Eskola zein Inklusibo taldeko neska-mutikoek entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin.


0 comentarios

Deja una respuesta