2023/11/26 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Ramon Barrutia
Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek geldiezin jarraitzen dute, eta asteburu honetan garaipen berri bat ekarri dute Unbetik, segidan lortzen duten bosgarrena. Julen Barrutiak zuzenduta taldeak sailkapen zuloan sartuta dagoen Eibarri egin zion bisita zapatu arratsaldean eta, hasiera batean uste zena baino zailtasun gehiagorekin izan bazen ere, Kanpanzar Arrasatek garaipena ekarri zuen etxera. Azken emaitza 14-18 izan zen sarrailagileen alde.
Lehenengo zatian bideratu zuen garaipena Arrasateko taldeak, Ibai Portalok lortutako bi entseguak -12 eta 37. minutuetan-, eta Ander Arizaletak gauzatutako transformazio bati esker. Defentsa arloan ondo ibili ziren aurreneko 40 minutuetan Barrutiaren mutilak eta, horren adierazgarri, armaginak etzirela gai izan bisitarien marka eremura sartzeko. Gauzak horrela, 0-12ko emaitzarekin joan ziren atsedenaldira bi taldeak.

Bigarren zatian parekotasunak nagusi izaten jarraitu zuen, baina 20. minutuan epaileak Kanpanzar Arrasateren kontrako zigor entsegua adierazi zuen eta 7-12koa igo zen markagailura. Handik bost minutura, baina, Arizaletak zutoinen artera bidali zuen baloia epaileak adierazitako zigor kolpean eta zuri-moreen errenta berriro ere handitu zuen (7-15).
Eibarrek, ordea etzuen azken hitza esanda, eta partidua amaitzeko 12 minuturen faltan entsegua egin eta garaipena eskuratzeko itxaropena piztu zuen berriro ere Unben. Markagailuak 14-15ekoa adierazten zuenean, baina, Arizaletak berriro ere etekin ezin hobea atera zion zigor kolpe berri bati, eta 14-18koa ezarri zuen norgehiagoka amaitzeko 10 minuturen faltan. Azken txanpa horretan Barrutiaren mutilak gai izan ziren errenta horri eutsi, eta denboraldiko bosgarren garaipena erdiesteko.
Honenbestez, zazpi jardunaldi jokatuta laugarrena da Kanpanzar Arrasate, eskuratutako bost garaipen hauen ostean 22 puntu poltsikoratu dituela. Lidergoan Elorriok jarraitzen du 31 punturekin, eta lau puntu gutxiago ditu bigarren sailkatu Uni Bilbok. Hirugarren postuan Errioxa dago, Kanpanzar Arrasatek baino puntu bat gehiago duela. Bilbotarren kontra, hain justu ere, jokatuko dute hurrengo partidua Barrutiaren mutilek, datorren zapatuan izango da, 16:30ean, Mojategin.
0 comentarios