2023/11/9 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa
Asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko ekipo nagusiek, senior mailako mutil zein neskek, ez dute liga jardunaldirik izango. Aitzitik, harrobiko talde ezberdinek salto egingo dute berdegunera. Lehenengoak zelairatzerakoan 14 urtez azpikoak izango dira, zapatuan, goizeko 9:30ean hasita, Iruneko Plaiaundi errugbi zelaian izango den teknifikazio saioan hartuko baitute parte. Zertxobait beranduago, 11:00etan, Elorriorekin batera aritzen diren 16 urtez azpikoek Uribealdeari egingo diote aurre San Txismen, Elorrion. Eta leku eta aurkari berdinaren kontra, baina 12:30ean hasita, 18 urtez azpikoak arituko dira lehian.
Igandean beste hiru hitzordu izango ditu Arrasate Errugbi Taldeak: Ohi bezala, goizeko 10:30ean hasita, inklusibo eta Errugbi Eskolako neska-mutikoek asteroko entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin. Bestetik, 13, 14, 16 eta 18 urtez azpiko neskek Eibarko Unbe errugbi zelaian izango den teknifikazio saioan hartuko dute parte, goizeko 10:00etan hasita.

0 comentarios