2023/11/5 | ISEI BARBERO / Argazkiak: R. Santa Cristina
Arrasate Errugbi Taldeko seniorren bolada onak jarraipena du, zapatu honetan, Mojategin, Atletiko San Sebastianen kontrako lehian denboraldiko hirugarren garaipena eskuratu eta gero. Partiduak gorabeherak izan ditu markagailuan baina, azken minutuan lortutako entseguari esker, etxekoak nagusitu dira 29-23ko emaitzarekin.
Partiduko aurreneko minutuetan parekotasuna izan da nagusi eta, ordu laurdena igarota, izan da markagailua aurrenekoz mugitu denean, Unai Biterik lortutako entseguari esker. Etxekoen pozak, baina, ez du luzaroan iraun, bost minutu beranduago Atletiko San Sebastianen erantzuna etorri baita. Arrasatearrek ez bezala, donostiarrek asmatu egin dute transformazioa gauzatzerako orduan eta, honenbestez, 5-7koa igo da markagailura.
Hortik aurrera berriro ere parekotasuna izan da nagusi, eta lehen zatia amaitzeko lau minuturen faltan bisitariek errenta handitu egin dute, epaileak euren alde adierazitako zigor kolpe batez baliatuz, zutoinen artera bidalitako baloiarekin. Markagailuak 5-10 erakusten zuen eta, une horretan, iritsi da etxekoen bigarren entsegua, oraingo honetan, Iñaki Ormaetxeak egina. Bazirudien lehenengo zatia 10-10ekoarekin amaituko zela baina, arauzko denbora agortzeko minutu bakarraren faltan, Atletiko San Sebastianek entsegu berri bat egin du, berriro ere transformazioan asmatuz eta, honenbestez, 10-17ko emaitzarekin joan dira atsedenaldira bi taldeak.
Aldageletatik bueltan markagailua iraultzeko asmoarekin zelairatu dira Barrutiaren mutilak, halere, 20. minutua bete arte ez dute lortu. 14. Minutuan Xabi Narbaizak arrasatearren hirugarren entsegua egin du (15-17) eta, zazpi minutu beranduago, Ibai Portalo izan da entseguaren egilea. Portalo berak hartu du transformazioa gauzatzeko ardura, baita asmatu ere (22-17). Oraingo honetan ere, baina, Kanpanzar Arrasateren poza iheskorra izan da, hurrengo minutuan Atletiko San Sebastian berriro ere jarri baita aurretik markagailuan, zutoinen artera bidalitako beste zigor kolpe baten bitartez.
Hamar minutu baino gutxiago falta ziren partidua amaitzeko, eta markagailuak 17-20 erakusten zuen. Barrutiaren mutilek oraindik itxaropenak izan bazituzten zerbait positibo urratzeko baina, arauzko denbora agortzeko hiru minuturen faltan, Atletiko San Sebastianek etekin ezin hobea atera dio epaileak adierazitako zigor kolpe berri bati, berriro ere baloia zutoinen artean kokatuz.
22-23koarekin Kanpanzar Arrasatek garaipenak ihes egiten ziola ikusten zuen baina, une horretan, Barrutiaren mutilek euren izaera atera eta azken kolpea eman dute. Minutu bakarra falta zen partidua amaitzeko eta, Mojategira gerturatutako zaleen hauspoa lagun, Iraitz Arriaranek etxekoei garaipena ematen zien entsegua egin du. Portalok oraingo honetan ere ez du hutsik egin transformazioa gauzatzerako orduan eta, honenbestez, partidua 22-29ko emaitzarekin amaitu da.
Hurrengo astean Errioxa
Esan bezala, honako hau da Kanpanzar Arrasatek jarraian lortzen duen hirugarren garaipena da eta, honi esker, talde zuri-moreak sailkapenean aurrera egiten jarraitzen du. Barrutiaren mutilak honezkero seigarrenak dira 14 punturekin, Elorrio liderretik zazpi puntura baino ez. Sarrailagileek datorren astean berriro ere etxean jokatuko dute, oraingo honetan Errioxaren kontra.

0 comentarios