2023/7/3 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Ane Rincon

Arrasate Errugbi Taldeko Ane Rincon iragan astean Valentzian izan zen 18 urtez azpiko Euskal Selekzioarekin, bertan izandako CESA txapelketan parte hartzeko.  Konbinatu euskaldunak lan txukuna egin zuen, eta hirugarren postuan sailkatuz.  Hori gutxi balitz, Euskal Selekzioarekin egindako egonaldia amaitzean, Rinconek Madrilerako bidea hartu zuen zuzenean, bertan zazpinako Espainiako Selekziarekin entrenatzeko.

Taldekideekin batera eguna errepidean igaro eta gero, ekainaren 23an heldu zen Valentziara Rincon, hurrengo bi egunetan gainontzeko autonomi erkidegoetako selekzioen kontra indarrak neurtzeko.  Konbinatu euskaldunak norgehiagoka guztiak irabazi zituen eta, finalerdietan, amore eman behar izan zuen Valentziaren kontra.  Gauzak horrela, hirugarren eta laugarren posturako baliagarria zen partidua jokatu zuten Kataluniaren kontra eta, oraingoan bai, Rincon eta bere taldekideak nagusitu egin ziren, hirugarren postua bereganatuz.

Esan bezala, Euskal Selekzioarekin egindako egonaldiaren ostean Arrasate Errugbi Taldeko jokalaria zuzenean Madrilera abiatu zen ekainaren 25ean, eta bertan izan da hilaren 30era arte, kasu honetan Espainiako Selekzioarekin entrenatzen.  Testuinguru honetan, Rinconek ezin izan du San Juan jaiez gozatu baina, horren ordez, aberasgarria oso izan den errugbi esperientzia bizi izan du.

Honako hau, baina, ez da aurreneko horrelako aurreneko esperientzia jokalari arrasatearrarentzat, Aste Santuan Espainiako Errugbi Federazioak egindako emakumezkoen 18 urtez azpiko Training Camp delakoan hartu baitzuen parte  Chesten, Valentzian.    Lau egunez, Katalunia, Madril eta Valentziako Federazioek, Belgikako selekzioarekin batera, zenbait lansaio burutu zituten, Ane Rinconen parte hartzearekin.

Ane Rincon Euskadiko Selekzioaren elastikoarekin.

0 comentarios

Deja una respuesta