2023/4/17 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Ane Rincon
Aste Santuan Espainiako Errugbi Federazioak emakumezkoen 18 urtez azpiko Training Camp delakoa egin du Chesten, Valentzian, eta bertan, hautatuen artean, Arrasate Errugbi Taldeko Ane Rincon jokalaria izan da. Lau egunez, Katalunia, Madril eta Valentziako Federazioek, Belgikako selekzioarekin batera, zenbait lansaio burutu dituzte, Pragan uztailaren 15 eta 16an izango den Europako Zazpinako Txapelketa prestatze aldera.
Esan bezala, kontzentrazio honetan Arrasate Errugbi Taldeko Ane Rinconek hartu du parte eta, adierazi duenez, “oso gustura” ibili da. Zoritxarrez, lansaioetako batean min hartu, eta ezin izan zuen entrenamendu guztietan parte hartu. “Asteazkenean heldu nintzen Valentziara, eta egun horretan normal entrenatu nuen; osteguneko entrenamenduan, baina, plakaketa bat egiterakoan, taldekide batek ukondoarekin ezpainean jo eta hiru puntu eman behar izan zizkidaten”. Zentzu honetan, aurrerantzean Rinconek “kontakturik gabeko” ariketetan hartu zuen parte soilik.

Jokalari zuri-morea “oso pozik” itzuli da Valentzian bizi izandako esperientziaz: “Bertan, eskarmentu handiko entrenatzaileen gidaritzapean, zure jatorrizko klubean ikasteko aukera ez duzun hainbat gauza ikasten dituzu, zazpinako errugbikoak izan arren, hamabostekora aplikagarriak direnak”. Horretaz gain, jende berria ezagutzeko aukera ere asko baloratzen du Rinconek: “Azaroan Valladoliden izandako beste kontzentrazio batean ere parte hartu nuen, eta oraingo honetan jokalari guztien arteko harremana asko sendotu da”.
Espainiako selekzioaren deia jasotzea espero ote zuen galdetuta, jokalari zuri-morearen erantzuna ezezkoa da. “Bertan maila oso altuko jokalariak daude, perfil ezberdinetakoak, eta euren artean egotea ohorea da”. Esperientzia, baina, “gogorra” ere izan dela onartzen du Rinconek: “Egonaldia entrenatzera bideratuta dago, jaikitzen zarenetik ohera joan arte bi entrenamendu burutzen genituen, tartean aktibazio eta luzaketa saioak”. Hala eta guztiz, ere, balorazioa “ezin hobea” izan dela gaineratzen du, “egiten duzuna gustukoa duzunean, gogorra baldin bada ere, gustura egiten duzulako”.
0 comentarios