2023/5/19 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa
Asteburu honetan errugbi saio bikoitza izango da Mojategin, 16 urtez azpikoek zein emakumezkoen taldeak jokatuko baitute, eta, bi kasuetan, Bartzelonako Quimic Equip Rugby izango da gonbidatua. Kataluniarrekin batera Eibarrek ere hartuko du parte Arrasate Errugbi Taldeak antolatutako hiruko txapelketan honetan.
16 urtez azpikoak izango dira berdegunera salto egitean lehenak, kategoria honetan aurreneko partidua goizeko 10:00etan jokatuko baita. Lehen neurketan Arrasate eta Quimic izango dira aurrez aurre eta, ondoren, kataluniarrek Eibarren kontra neurtuko dituzte indarrak. Azken neurketa, 11:20earako aurreikusita dagoena, bi ordezkari gipuzkoarrak izango dira aurrez aurre. Txapelduna partidurik gehien irabazten duen taldea izango da.
16 urtez azpikoetan ez bezala, emakumezkoen kategorian zazpinako erara jokatuko da, eta orotara sei norgehiagoka aurreikusten dira, 12:00ak eta 14:00ak bitartean jokatuko direnak. Gogoratu beharra dago aurtengo denboraldian AGT Arrasatek ekipoa partekatu duela Eibarrekin, hortaz, konbinatu gipuzkoarrak bi talde osatuko ditu txapelketa honetan parte hartzeko. Emaitzarik onenak lortzen dituzten bi taldeek final handia jokatuko dute eguerdi partean, 14:00ak inguruan, hain justu ere.

0 comentarios