2023/4/19 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa
Behin txapelketa ofizial gehienak amaituta, selekzio autonomiko edota nazionalen tartea iritsi da eta, horren adierazgarri, Arrasate Errugbi Taldeko jokalari Ane Rincon da, Aste Santuan Espainiako Selekzioak Valentzian egindako egonaldian parte hartu duela. Testuinguru honetan, eta oporrak hartu bitartean, talde askok lagunarteko partiduak jokatzeko aprobetxatzen dute, eta horixe bera egingo dute AGT Arrasate/Eibar taldeko neskek asteburu honetan.
Konbinatu gipuzkoarrak Aste Santu aurretik amaitu zuen liga txapelketa eta, pare bat asteko atsedenaldiaren ostean, asteburu honetan lagunarteko hiruko txapelketa jokatuko du Mojategin. Hitzordua zapatuan izango da, eguerdiko 12:00etan, eta Bera Berarekin batera, Getafeko taldeak ere hartuko du parte.
Esan bezala, klubeko talde gehienek honezkero txapelketa ofizialak amaitu dituzte eta, salbuespen bakarra, 14 urtez azpikoena da. Kasu honetan ere zapatuan, baina goizeko 10:45ean, Mutrikuko San Miguel zelaian Gaztediren kontra neurtuko dituzte indarrak. Gogoratu beharra dago ART-ko neska-mutikoek Eibar eta Mutrikurekin batera partekatzen dutela ekipoa.
Eta, azkenik, asteburuko beste bi hitzorduak domekan izango dira, biak Mojategin eta goizeko 10:30ean hasita. Izan ere, Aste Santuko etenaldiaren ostean, Errugbi Eskolako 10 eta 12 urtez azpikoek, zein inklusiboko taldeak, asteroko entrenamendu saioari berrekingo diote.

0 comentarios