2023/3/12 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Ricardo Santa Cristina
Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek beste urtebetez jarraituko dute Euskal Ligako 1. Mailan, asteburu honetan Zornotzako Mojategin mendean hartuta, matematikoki salbazioa lortu baitute. Julen Barrutiak zuzendutako taldea 41-20 nagusitu zen zapatuan jokatutako norgehiagokan eta, modu honetan, multzoko lidergoan kokatu da 29 punturekin, bigarren sailkatu Baztanekiko bi puntuko abantaila duela. Sarrailagileei partidu bakarra geratzen zaie denboraldia agurtzeko, hiru aste barru Uni Bilboren zelaian jokatuko dutena.
Esan bezala, azken sailkatu Zornotzakok bisitatu zuen Mojategi zapatua eta, etxekoen zorionerako, aurreikuspenak bete egin ziren. Arrasatearrek, baina, etzioten lehiari nahi bezala ekin, eta lehenengo minutua bete orduko atzetik ziren markagailuan bizkaitarrek lortutako entseguaren ostean. Etxekoen erantzuna, baina, berehala iritsi zen, Abarrategiren entsegua eta Arizaletaren transformazioarekin.
Ordu laurdenerako, zutoinen artera bidalitako zigor kolpeari esker, 7-10ekoa igo zen markagailura eta, berriro ere, Barrutiaren mutilen erreakzioa berehala iritsi zen. Narbaizak entsegua egin eta, Arizaletaren transformazioa eta ondoren gauzatutako zigor-ostikoari esker, markagailuan berriro ere jarri ziren aurretik etxekoak. 17-10ekoarekin joan ziren aldageletara bi taldeak aurreneko 40 minutuak agortuta.

Bigarren zatia hasi eta berehala epaileak Zornotzakoren aldeko zigor kolpea adierazi zuen eta, baloia zutoinen artera bidalita, bisitariek zuri-moreen abantaila murriztu zuten (17-13). Arrasatearrekn entsegu berri batek, berriro ere Abarrategirena, Kanpanzar Arrasateren abantaila berriro ere handitu zuen (24-13). Bost minutu beranduago, oraingo honetan Iraitz Arriaranen entseguari esker, etxekoen errenta 29-13ra pasa zen. Une horretan, baina, Zornotzakok arratsaldeko bigarren entsegua lortu eta, transformazioa gauzatuta, berriro ere partiduan sartu zen.
29-20koarekin, eta norgehiagoka amaitzeko ordu laurdenaren faltan, oraindik edozer gauza gerta zitekeen. Une horretan, baina, Kanpanzar Arrasatek azeleragailua zapaldu eta, Giorgi eta Younesen tantoei esker, azken honen transformazioa barne, partidua erabakita utzi zuen. Azken emaitza 41-22 izan zen Kanpanzar Arrasateren alde.
0 comentarios