2023/3/8 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Asteburu honetan jaitsiera faseko zortzigarren jardunaldia jokatuko da eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek azken sailkatu Zornotzako hartuko dute Mojategin, zuri-moreentzat denboraldi honetako etxeko azken partidua izango dena.  Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da, 16:30ean hasita, eta bertan Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak mailari matematikoki eustea bilatuko du.

Jaitsiera fase honetan jokatutako sei partiduetatik bakarra galduta, birtualki salbatuta dago Kanpanzar Arrasate.  Sarrailagileek 24 puntu dituzte, BRT Menditarrak liderrak baino bi gutxiago.  Baztandarren kontra, estreinaldiko jardunaldian, hain justu ere, galdu du Arrasateko taldeak fase honetako partidu bakarra. Multzoko azken bi sailkatuak Atletiko San Sebastian eta Zornotzako dira, 8 eta 3 punturekin hurrenez hurren.  Lehenengoek, une honetan, promozioa jokatu beharko lukete; bizkaitarrak, berriz, zuzenean jaitsiko lirateke kategoriaz.

Barrutiaren mutilak zaleengatik agurtuko dira asteburu honetan

Testuinguru honetan, eta oso txikia baldin bada ere, oraindik aukera matematikoren bat egon daiteke non Kanpanzar Arrasatek promozioa jokatu beharko luke.  Horretarako, baina, sarrailagileek geratzen diren bi partiduak galdu eta Atletiko San Sebastianek jokatzeke dituen hirurak irabazi beharko lituzke, bonusak eskuratuta, gainera.  Esan bezala, karanbola handia oso beharko luke izan.

Aitzitik, geratzen diren bi partidu hauetan Barrutiaren mutilen erronka BRT Menditarraki lidergoa kentzea izango da.  Azken sailkatu Zornotzako etxean hartu eta gero, datorren asteburuan, sarrailagileek atsedenaldia izango dute.  Denboraldiko azken jardunaldian, berriz, Uni Bilbori egingo dio bisita Kanpanzar Arrasatek.  Baztandarrek beste partidu bat baino ez dute jokatuko ligaska amaitu bitartean, hilaren 26ko asteburuan Atletiko San Sebastianen etxean jokatuko dutena, hain justu ere.

Kartelera

Seniorrek ez bezala, AGT Arrasate/Eibarreko neskek ez dute partidurik jokatuko asteburu honetan.  Zapatuan, baina, beste zenbait hitzordu edukiko ditu klub zuri-moreak. Goizeko 11:00etan, Mojategin, 16 urtez azpikoek Getxori egingo diote aurre. 14 urtez azpikoek, berriz, entrenamendu izango dute Selekzioarekin. Azkenik, igande goizean (10:30), Errugbi Eskolako 10 eta 12 urtez azpikoek, zein inklusiboko taldeak, ohiko entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin.

Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta