2023/3/1 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Pare bat asteko etenaldiaren ostean, azken partidua otsaila erdialdean jokatu zuten, asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko neskek liga txapelketari berrekingo diote.  Denboraldiko azken hirugarren jardunaldiaren baitan, Erik Cuevas eta Asier Delgadok zuzendutako taldeak Bera Berari egingo dio bisita eta, bertan, azken jardunaldietako bolada onari eustea bilatuko du.  Norgehiagoka zapatu eguerdian jokatuko da Unben, 13:00etan hasita.

Esan bezala, bolada onean murgilduta dago AGT Arrasate/Eibar, denboraldi osoa partidurik irabazi gabe eman eta gero, azken bi jardunaldietan jokatutakoetan nagusitu baita konbinatu gipuzkoarra.  Aurreneko garaipena Gaztediren kontra eskuratu zuten Arrasate eta Eibarreko neskek eta, hurrengo jardunaldian, Hernaniri egindako bisitan, berriro ere gailendu ziren.

Testuinguru honetan, azken postua atzean utzi du AGT Arrasate/Eibarrek, eta puntuak batzen jarraitu nahi du.  Asteburu honetan, baina, aurkari gogorra izango dute aurrean, kategoriako liderra baita Bera Bera.  Donostiarrek jokatutako bederatzi partiduetatik zortzi irabazi dituzte, orotara 39 puntu batuz.  Esan bezala, AGT Arrasate/Eibar azkenaurreko sailkatua da 9 punturekin, azken sailkatu Hernanirekiko bi puntuko abantaila duela.

Kartelera

Arrasate Errugbi Taldeak beste bi hitzordu izango ditu zapatuan: 12:00etan hasita, 18 urtez azpikoak Mutrikuko San Migel zelaian arituko dira Iruñearen kontra eta, 16:00etan, seniorrek Atletiko San Sebastiani egingo diote bisita.  Igandean beste bi hitzordu izango dira:  16 urtez azpikoek Eibarri egingo diote bisita goizeko 11:00etan eta, 10:30eatik aurrera, Errugbi Eskolako 10 eta 12 urtez azpikoek Mojategin izango den topaketan hartuko dute parte Zarautz, Txingudi, Bera Bera B eta Errioxarekin batera.  Aurreikuspenen arabera, 120 neska-mutiko izango dira aurrez aurre zelai arrasatearrean.


0 comentarios

Deja una respuesta