2023/3/26 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Ricardo Santa Cristina - Belen Aranbarri
Zapatu arratsaldean sailkapen buruko bi aurkari izan ziren aurrez aurre Mojategin, multzoko lider BRT Menditarrakek bisitatu baitzuen bigarren sailkatuaren zelaia. Aurreikuspenak betez, zelai arrasatearrera gerturatutako zaleek lehia parekatua ikusi ahal izan zuten eta, azkenean eta emozioz beteriko norgehiagokan, garaipena etxeko taldearentzat izan zen, markagailua iraulita eta 31-28ko emaitzaz.
Lehia maldan gora jarri zitzaion Julen Barrutiak zuzendutako taldeari, nafarrek hiru entsegu jarraian egin eta 0-21 aurreratu baitziren. Emaitza horrekin bazirudien liderrak garaipena eramango zuela Mojategitik baina, bere izaerari eutsiz, Kanpanzar Arrasatek zailtasunei aurre egin eta markagailua iraultzeko gai izan zen.
Hasierako 0-21ekoaren ostean bi taldeek entsegu bana egin eta, horrenbestez, 7-28koa igo zen markagailura. Etxekoen beste hiru entseguekin, horietako bat transformatuz, markagailua nolabait orekatu egin zen (24-28) eta, orduantxe, Barrutiaren mutilen entsegu berri batek garaipena eman zion talde zuri-moreari (31-28).

Pirolitikak Sevillan
Asteburuko beste hitzordu garrantzitsua amen taldearena izan da, Pirolitikak delakoena. Ordezkaritza arrasatearra Sevillan izan da, eta bertan jokatutako hiruko txapelketan hartu du parte, Valladolideko Wonder VRAC eta Sevillako LaCartijas taldeekin batera. Esan beharrik ez dago asteburua aberasgarria izan dela oso ART-ko amentzat, non, emaitzetatik baino harago joanda, adiskidetasuna eta umore ona ez diren falta izan.
0 comentarios