2022/2/23 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa
Hitzordu garrantzitsua izango da Mojategin asteburu honetan, multzoko liderra eta bigarren sailkatua aurrez aurre izango baitira zelai arrasatearrean. Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek BRT Menditarrak talde nafarraren kontra neurtuko dituzte indarrak zapatuan, 16:30etan hasita. Bisitariek bost puntuko abantaila dute sarrailagileekiko, hortaz, Barrutiaren mutilek irabaziz gero, aukerak egongo lirateke nafarrei lidergoa kentzeko.
Seniorrena, baina, ez da izango asteburuko hitzordu bakarra. Arrasate Errugbi Taldeko jokalarien amek osatutako taldea, Pirolitikak, Andaluzia aldean izango dira asteburu honetan. Sevillako San Jeronimo errugbi zelaian izango den hiruko txapelketan hartuko du parte ordezkaritza arrasatearrak, Valladolizeko Wonder VRAC eta Sevillako LaCartijas taldeekin batera. Hitzordua zapatuan izango da, goizeko 11:00etan hasita, eta aurreko hilabeteetan egindako irteerekin gertatu bezala, ziur asko honako hau esperientzia aberasgarri eta ahaztezina izango dela ART-ko talderik hasiberrienarentzat.
Zapatuan, baita ere, 14 urtez azpikoek, Eibar eta Mutrikuko taldekideekin batera, Zarautzen kontra neurtuko dituzte indarrak Unben (11:00). Igandean, berriz, Errugbi Eskolak asteroko entrenamendu saioa burutuko du Mojategin 10:30ean hasita. Egun, ordu eta leku berean, inklusioko neska-mutikoak ere lanean arituko dira.
0 comentarios