2023/2/8 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa
Astebeteko etenaldiaren ostean, iragan jardunaldian atsedenaldia eduki zuten, asteburu honetan liga txapelketari berrekingo diote Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek. Bigarren faseko bosgarren jardunaldiaren baitan, Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak Uni Bilbo hartuko du Mojategin. Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da, 16:30ean hasita, eta bertan talde zuri-moreak azken jardunaldietako joera onari eustea bilatuko du.
Denboraldiko bigarren txanpa honetako Ekuatorera heltzear gauden honetan Barrutiaren mutilak sailkapenaren erdialdean daude, hirugarren postuan, jokatutako hiru partiduetatik bi irabazita. Kanpanzar Arrasatek 10 puntu batu ditu batu ditu orotara, eta BRT Menditarrak liderretik bost puntura dago. Atzetik Atletiko San Sebastian eta Zornotzako daude, hiru eta bi punturekin, hurrenez hurren.
Mojategi bisitatuko duen taldea Kanpanzar Arrasateren aurkari zuzena da, Uni Bilbok bi puntu gehiago baino ez baitauzka. Testuinguru honetan, jardunaldi honetan garaipenak balio bikoitza izango du Barrutiaren mutilentzat, Mojategin nagusituz gero talde bilbotarra aurreratuko bailukete sailkapenean. Oraindik ligaskaren erdia jokatzeke baldin badago ere, mailari eusteko borrokan baikorrak izateko arrazoiak izan badauzkate Barrutiaren mutilek.

Kartelera
Zapatuan, seniorrena baino lehenago, beste bi hitzordu izango dira. Goizeko 12:00etan, Mojategin, 16 urtez azpikoek Iruñeari egingo diote aurre. 16:00etan, aldiz, 18 urtez azpikoak Zarautzeko Asti errugbi zelaian lehiatuko dira. Azkenik, domekan, Errugbi Eskolako 10 eta 12 urtez azpiko neska-mutilek Ordizian izango den topaketan hartuko dute parte. 10:30eatik aurrera, Altamiran, Ordizia, Zarautz eta Txingudirekin batera arituko dira.
0 comentarios