2023/1/29 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek jaitsiera faseko hirugarren partidua jokatu dute asteburu honetan eta, Zornotzan irabazita, sailkapen burura eman dute jauzia.  Norgehiagoka parekatuan, Julen Barrutiaren mutilak 24-29 nagusitu ziren zapatu arratsaldean, hein handi batean, taldeko “zakur zaharren” ekarpenari esker.

Norgehiagoka parekatua aurreikusten zen Larrea Kiroldegian Zornotzako Urgozo eta Kanpanzar Arrasateren artean eta, oraingoan ere, aurreikuspenak bete egin ziren.  Partidua hasi eta berehala hartu zuten aurrea markagailuan bisitariek, Arizaletak zutoinen artera bidalitako zigor kolpeari esker.  0-3koarekin konformatu ez eta, 10 minutu beranduago, Dolarak arratsaldeko lehenengo entsegua lortu zuen.  Ohi bezala, Arizaletak hartu zuen transformazioa gauzatzearen ardura, eta ez zuen hutsik egin.  Eta jaurtitzaile arrasatearrak berak handitu zuen zuri-moreen errenta ordu erdia bete baino lehen, 23. minutuan lortutako entseguarekin.

Markagailuak 0-17koa erakusten zuela etorri zen etxekoen erreakzioa, arauzko denbora amaitzeko hiru minuturen faltan lortutako entseguarekin.  Bazirudien 7-17koarekin hartuko zutela aldageletarako bidea bi taldeek, bi minutu beranduago, baina, Asier Delgadok Kanpanzar Arrasateren hirugarren entsegua egin eta 7-22ko emaitzarekin amaitu zen lehenengo zatia.

Atsedenalditik bueltan Zornotzako Urgozo indarberrituta zelairatu zen eta, bigarren zatia hasi eta gutxira, entsegu berri bat egin eta berriro ere partiduan sartu zen (14-22).  Ordu laurdena bete eta gero zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten ostean Barrutiaren mutilak bizkaitarren hatsa igartzen hasi ziren (17-22). 

Orduantxe, baina, Kanpanzar Arrasateren erreakzioa etorri zen, Suinagaren entseguaren bitartez, Arizaletak gauzatutako transformazioa barne (17-29).  20 minutu falta ziren oraindik norgehiagoka amaitzeko, baina Barrutiaren mutilak gai izan ziren errentari eusteko.  Partiduaren azken txanpan, baina, bizkaitarrek entsegu berri bat egin eta nolabaiteko emozioa berpiztu zuten.  Zorionez Barrutiaren mutilentzat, markagailua ez zen gehiago mugitu eta lehia 24-29ko emaitzarekin amaitu zen.

Esan bezala, garaipen honekin sailkapen burura egin du salto Kanpanzar Arrasatek eta, honezkero, bigarrena da hamarna puntura berdinduta BRT Menditarrak liderrarekin.  Hiru puntu gutxiagorekin Uni Bilbo dago eta, sailkapen zuloan, Zornotzako eta Atletiko San Sebastian bina puntura berdinduta daude.  Hurrengo asteburuan atsedenaldia izango du Kanpanzar Arrasatek eta,, bi aste barru, Uni Bilbo hartuko du Mojategin.

Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *