2023/1/8 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek ez dute modurik onenean hasi denboraldiko bigarren zatia, estreinaldiko partiduan, domeka honetan Baztanen jokatutakoan, esku hutsik geratu baitira.  Julen Barrutiaren mutilak bizirik egon dira partidu osoan zehar, eta aukeraren bat edo beste eduki dute markagailuan aurretik jartzeko.  Azkenean, tamalez, BRT Menditarrak nagusitu da Lekarozen jokatutako partiduan, 21-7ko emaitzarekin.

Kanpanzar Arrasateko entrenatzaile Julen Barrutiak azaldutakoaren arabera, partiduetan erabakigarria izaten den “tentsio puntu hori” faltan bota dute gaurkoan, “bai erasoan eta baita defentsan ere”.  “Gabonak tarteko, azken bi asteetan ez dugu ganorazko entrenamendurik egin eta, zoritxarrez, gaurkoan hori igarri izan dugu”, azaldu du teknikari zuri-moreak.  Halere, Barrutiak alde positiboren bat atera du:  “Eurak bezala, gu ere oso ordenatuta egon gara neurketa osoan zehar baina, esan bezala, eurek izandako intentsitate puntu hori erabakigarria izan da”.

Datorren astean Atletiko San Sebastian hartuko du etxean Kanpanzar Arrasatek, “eta bertan zerbait positibo ateratzea espero dugu”, esan du Barrutiak.  Talde arrasatearrak maila eusteagatik borrokatuko du bigarren fase honetan, 10 jardunaldiz osatutako ligaska izango dena.  Azkenaurreko sailkatuak play-offak jokatuko ditu; azken postuan geratzen den taldea, berriz, zuzenean jaitsiko da.

BRT Menditarraken kontra sailkapen fasean Mojategin jokatutako partiduko irudia.
Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta