2022/12/18 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Ramon Barrutia

Euskal Ligako 1. Mailako sailkapen faseko azken jardunaldia jokatu da asteburu honetan eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek BRT Menditarrak hartu dute Mojategin.  Gipuzkoarren eta nafarren arteko norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatu zen eta, bertan, etxekoek lortu zuten garaipena.  Azken emaitza 21-3 izan zen eta, modu honetan, Julen Barrutiaren mutilek azkenaurreko postuan amaitu dute denboraldiko aurreneko zatia.

Hasi eta gutxira neurketa maldan gora jarri zitzaion etxeko taldeari, hamargarren minutua igarota nafarrek zigor kolpea zutoinen artera bidali eta 0-3 aurreratu baitziren.  Lehenengo zatia orekatua izan zen oso, eta azken 10 minutuetan Arizaletak zutoinen artera bidalitako beste zigor kolpeen bitartez Kanpanzar Arrasatek markagailua irauli eta 6-3ko emaitzarekin joan ziren aldageletara bi taldeak.

Kanpanzar ART eta BRT Menditarrak partiduko irudia

Aurreneko 40 minutuetan indarrak parekatuta egon baziren, aldageletatik bueltan Barrutiaren mutilek euren nagusitasuna ezarri zuten.  Ordu laurdena bete barik zegoela Salaberrik entsegua lortu eta, hamar minutu beranduago Arizaletak zigor kolpe berri bat zutoinen artera bidalita, 14-3koa igo zen markagailura.  Arauzko denbora amaitzeko bi minuturen faltan Danel Argoitiak arrasatearrentzako bigarren tantoa lortu zuen eta, oraingoan bai, Arizaletak transformazioan asmatuta, amaierako 21-3koa ezarri zuten etxekoek.

Garaipen honekin Kanpanzar Arrasatek azkenaurreko postuan amaitzen du sailkapen fasea eta, modu honetan, Gabonen ostean mailari eusteagatik borrokatu beharko du.  Denboraldiko lehenengo urrats honetan Barrutiaren mutilek bi garaipen eta beste horrenbeste berdinketa lortu dituzte, orotara 12 puntu eskuratuz.  Getxoren kontra jokatzekoa zuten partiduan, estreinaldiko jardunaldikoa, azkenean Federazioak garaipena bizkaitarrei eman die, gipuzkoarrak lehiara aurkeztu ez izana argudiatuta.

Neskak ezinean berriro ere

Mutilek bezala, ART-ko nesken taldeak ere etxean jokatu zuen, baina kasu honetan Uni Bilboren kontra eta goizean.  AGT Arrasate/Eibarrek ezin izan zuen denboraldiko aurreneko garaipena eskuratu, aitzitik, bilbotarrak aise nagusitu ziren.  Azken emaitza 7-38 izan zen bisitarien alde eta, modu honetan, konbinatu gipuzkoarrak sailkapeneko zulotik irten ezinik jarraitzen du.

Ordu erdia bete orduko bilbotarrak 0-12 ziren aurretik, lortutako bi entsegu eta transformazio bati esker.  Atsedenaldira joan aurretik, baina, AGT Arrasate/Eibarrek aldea murriztu zuen, Haizea Zabalak lortutako entsegua eta Oihanek gauzatutako transformazioarekin.  Modu honetan, markagailuak 7-12 erakusten zuela eta partidua oraindik erabat zabalik zegoela, joan ziren atsedenaldira bi taldeak.

Bigarren zatia hasi eta berehala, aurreneko minutuan, handitu zuen errenta Uni Bilbok, entsegu berri bat eginda.  7-19koarekin konformatu ez eta bizkaitarrek bigarren zatian beste hiru entsegu egin zituzten, horietatik bi transformatuz.  Modu honetan, norgehiagoka amaieran Uni Bilbo nagusi 7-38ko emaitzarekin.

Urtarrilaren erdialdera arte ez dute Arrasate Errugbi Taldeko neskek hurrengo partidua jokatuko, eta ez edonolako aurkariaren kontra, La Unica liderrak bisitatuko baitu Mojategi bigarren itzuliko estreinaldiko jardunaldian.


0 comentarios

Deja una respuesta