2022/12/1 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa
Astebeteko etenaldiaren ostean Euskal Ligako 1. Maila martxan jarriko da berriro ere eta, zortzigarren jardunaldiaren baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek kategoriako lider Elorrio hartuko dute Mojategin. Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da, 16:30ean hasita, eta bertan Julen Barrutiaren mutilek denboraldiko aurreneko garaipena bilatuko dute.
Ez da denboraldi erraza izaten ari Kanpanzar Arrasaterentzat, orain arte jokatutako sei partiduetan lau puntu besterik ez baititu batu. Sarrailagileek bi berdinketan lortu dituzte Durango eta Uni Bilboren kontra Mojategin jokatutako partiduetan; gainontzekoetan, horietako askotan detaile txiki eta oso gutxigatik izan bada ere, porrotak jaso dituzte. Talde gaztea da oso Barrutiak zuzentzen duena, eta Euskal Ligako 1. Maila bezalako kategoria batean hori asko antzematen da.

Oso bestelako egoera dagoen ekipoak bisitatuko du Mojategi zapatu honetan, esan bezala, kategoriako lider baita Elorrio. Bizkaitarrek orain arte denboraldi perfektua egin dute, jokatutako sei partiduak irabazi baitituzte. Joaneko partiduan, Elorrion jokatutakoa, etxekoak nagusitu ziren 27-10eko emaitzarekin. Kanpanzar Arrasate eta Elorrioren arteko neurketan beroak eta tentsio bizikoak izan ohi dira, eta oraingo honetan ere seguru asko horrela izango dela.
Neurketa honen ostean beste hiru norgehiagoka izango ditu aurretik Kanpanzar Arrasatek sailkapen basea amaitu bitartean, tartean estreinaldiko jardunaldian Getxon jokatu behar zuena eta bi taldeek atzeratzea adostu zutena, oraindik jokatzeko datarik ez duena. Horretaz gain, datorren asteburuan sarrailagileek Uni Bilbori egingo diote bisita eta, handik astebetera, BRT Menditarrakek bisitatuko du Mojategi.
Kartelera
Mutilek ez bezala, Arrasate Errugbi Taldeko neskek ez dute partidurik jokatuko asteburu honetan; halere, berdegunera egingo dute salto. Izan ere, zapatu goizean (11:00), teknifikazio saioa burutuko dute Unben Eibarreko neskekin batera. Domekan, aldiz, Errugbi Eskolako topaketa izango da Mojategin, 10:30ean hasita. Bertan, ART-koekin batera, La Unica, Iruñea eta Txingudiko neska-mutikoak izango dira.
0 comentarios