2022/11/2 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa
Asteburu honetan Euskal Ligako 1. Mailako bosgarren jardunaldia jokatuko da eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak Nafarroa aldera joango dira. Julen Barrutiak zuzentzen duen taldea Lekarozera joango da eta, bertan, BRT Menditarrak taldearen kontra neurtuko ditu indarrak. Gipuzkoarren eta nafarren arteko lehia zapatu arratsaldean izango da, 16:00etan hasita, eta bertan talde zuri-moreak denboraldiko aurreneko garaipena bilatuko du.
Lau jardunaldi jokatu eta gero, partidurik irabazi gabe jarraitzen du Kanpanzar Arrasatek. Gogoratu beharra dago sarrailagileek partidu bat gutxiago jokatu dutela orain arte, estreinaldiko jardunaldian Getxon jokatu beharrekoa atzeratzea adostu baitzuten bi taldeek. Honetaz gain, arrasatearrak esku hutsik bueltatu ziren Elorriotik hirugarren jardunaldian eta, etxean jokatutako bi partiduetan, Durango eta Uni Bilboren kontrakoak, berdindu egin dute.
Testuinguru honetan, une honetan Kanpanzar Arrasate azkenaurrekoa da sailkapenean, bina puntura berdinduta azken sailkatu Uni Bilborekin. Arrasatearren aurretik, laugarren postuan, BRT Menditarrak dago sei punturekin. Nafarrek jokatutako lau partiduetatik bakarra irabazi dute, orain direla bi aste Bilbon jokatutakoa, hain justu ere. Durango, Elorrio eta Getxo izan dira nafarren beste aurkariak aurtengo ikasturtean eta, esan bezala, norgehiagoka guztietan amore eman behar izan dute.
Gauzak horrela, neurketa parekatua aurreikusten da zapatu arratsalderako Lekarozen. Hasiera hasieratik kontzentratuta zelairatu eta akatsik ez egitea izango da garrantzitsua etxera aurtengo lehenengo garaipena ekartzeko. BRT Menditarrak taldeak iragan asteburuan ez zuen partidurik eduki –Barrutiaren mutilek Uni Bilboren kontra jokatutako bere garaian atzeratutakoa zen-, hortaz, Kanpanzar Arrasate baino freskoagoa egongo da zapatuko lehiari begira.

0 comentarios