2022/10/25 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Artxiboa

Iragan asteburuan Uni Bilboren kontra jokatu beharreko partidua atzeratu eta gero, asteburu honetan izango dira aurrez aurre Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak eta bilbotarrak Mojategin.  Norgehiagoka zapatuan jokatuko da, 16:30ean hasita, eta bertan denboraldiko aurreneko garaipena izango da jokoan.

Izan ere, azken bi sailkatuak izango dira nor baino nor Mojategin.  Kanpanzar Arrasatek bezala, Uni Bilbok ere orain arte bi puntu baino ez ditu urratu, hori bai, sarrailagileak baino partidu bat gehiago jokatuta.  Asteburu honetakoaz gain, beste norgehiagoka bat daukate jokatzeke Julen Barrutiaren mutilek, estreinaldiko jardunaldia Getxon jokatu behar zutena eta, bi taldeek horrela adostuta, atzeratzea erabaki zutena.

Testuinguru honetan, lau jardunalditan bi partidu jokatuta, une honetan azkenaurreko sailkatua da Kanpanzar Arrasate bi punturekin.  Arrasatearrek 29-29 berdindu zuten Mojategin Durangoren kontra bigarren jardunaldian eta, orain direla 15 egun, amore eman behar izan zuten Elorrion (27-10).

Iragan denboraldian Uni Bilboren kontra jokatutako partiduaren irudia.

Kanpanzar Arrasatek ez bezala, bonusen bitartez bakarrik lortu ditu orain arteko bi puntuak egungo azken sailkatu Uni Bilbok, jokatutako partidu guztiak galdu baitituzte El Fangokoek.  Lehenengo jardunaldian esku hutsik joan ziren Elorriotik (35-19), eta bigarren eta hirugarren jardunaldietan 10-39 eta 28-32 galdu dute etxean Getxo B eta BRT Menditarraken kontra, hurrenez hurren.

Testuinguru honetan, eta esan bezala, denboraldiko aurreneko garaipena edukiko dute jokoak gipuzkoarrek eta bizkaitarrek Mojategin zapatu arratsaldean.  Barrutiaren mutilek abantaila txikiarekin ekingo diote lehiari, zale arrasatearren hauspoa izango baitute bidelagun.

Neskak Gasteizera

Mutilek ez bezala, Arrasate Errugbi Taldeko neskek etxetik kanpo jokatuko dute, Gasteizen, hain justu ere.  AGT Arrasate/Eibarrek egungo hirugarren sailkatu Gaztediri egingo dio bisita, mutilen egun eta ordu berdinean: zapatuan, 16:30eatik aurrera, Gamarrako errugbi zelaian.

Konbinatu gipuzkoarrak orain arte jokatutako bi partiduetan ez du puntu bakar bat ere poltsikoratu:  estreinaldiko jardunaldian esku hutsik bueltatu ziren Iruñeatik La Unicaren kontra 67-0 galdu eta gero, eta orain direla bi aste ere ezin izan zuten garaipena eskuratu Mojategin Durangoren aurka (12-26) 

Gasteizen, joera negatibo horrekin amaitzea bilatuko dute Erik Cuevas eta Asier Delgadoren neskek, baina horretarako ez dute aurkaririk aproposena izango aurrean.  Gasteiztarrek partidu bakarra jokatu dute orain arte, estreinaldiko jardunaldian Hernaniren kontra jokatu behar zuten partidura hernaniarrak ez baitziren aurkeztu.  Azken jardunaldian, baina, eta partidua galdu bazuten ere, Bera Bera liderrak izerdi dezente bota behar izan zuen Gaztedi garaitzeko (14-5).

Durangoren kontra Mojategin jokatutako partidua.

Kartelera

Gainontzeko taldeei dagokionez, zapatuan beste bi hitzordu izango dira, biak goizeko 10:00etan.  16 urtez azpikoek Gernika hartuko dute Mojategin; 18 urtez azpiko neskek, berriz, Mutrikukoekin batera Gernikari egingo diote aurre, Mutrikun bertan.  Azkenik, ohi bezala, igandean Errugbi Eskolako 10 eta 12 urtez azpikoen txanda izango da, entrenamendu saioa burutuko baitute Mojategin.  Inklusiboko taldeak atseden izango du.


0 comentarios

Deja una respuesta