2022/10/16 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Artxiboa
Denboraldiko bigarren partiduan ere ezin izan dute ikasturteko aurreneko garaipena eskuratu Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek, eta esku hutsik etorri dira Bizkaia aldetik. Zapatu arratsaldean Julen Barrutiaren mutilek Elorriori egin zioten bisita eta, norgehiagoka parekatuan, etxekoak nagusitu ziren 27-10eko emaitzarekin.
Hamargarren minutua bete eta gutxira jarri zitzaion alde partidua Elorriori, zutoinen artera bidalitako zigor kolpe bateaz baliatuz. 3-0ekoarekin Kanpanzar Arrasateren susperraldia iritsi zen, eta Ander Hickeyk lortutako entsegua eta Abarrategik gauzatutako transformazioaren bitartez markagailura 3-7koa igo zen.
Ordu erdia bete arte Kanpanzar Arrasatek errentari eusteko gai izan zen baina, atsedenaldira joan aurretik, Elorriok beste bi entsegu egin eta 17-7koa ezarri zuen. Aldageletarako bidea hartu baino lehen Barrutiaren mutilek zigor kolpea zutoinen artera bidali eta, honenbestez, atsedenaldira 17-10eko emaitzarekin joan ziren bi taldeak.
Lehen zatian bezala, bigarrenean ere indarrak parekatuta egon ziren, eta 20. minutua igarota Elorriok errenta handitu egin zuen zigor ostiko berri baten bitartez (20-10). Kanpanzar Arrasatek etzuen amorerik eman eta borrokatzen jarraitu zuen baina, zoritxarrez. 5 minutu beranduago Elorriok entsegu berri bat lortu eta amaierako 27-10ekoa jarri zuen markagailuan.
0 comentarios