ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa
Asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek 2022-2023 denboraldia estreinatuko dute. Euskal Ligako 1. Mailako aurreneko jardunaldiaren baitan, Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak Durango hartuko du Mojategin. Gipuzkoarren eta bizkaitarren arteko lehia domeka eguerdian jokatuko da, 12:30ean hasita.
Euskadiko Errugbi Federazioak bi multzotan banatu ditu Euskal Ligako 1. Maila, eta Kanpanzar Arrasatek 2. multzoan lehiatuko du beste bost talderekin batera: Getxo B, Elorrio, Uni Bilbo, Durango eta BRT Menditarrak. Ligak bi itzuli izango ditu, hau da, bigarren fasean murgildu aurretik arrasatearrek hamar partidu jokatuko dituzte. Dena ondo bidean, ligaska Gabonetarako amaituko da.
Euskal Ligako 1. Mailako beste multzoan beste bost talde arituko dira nor baino nor: Eibar, Sarako Izarra, Errioxa, Atletiko San Sebastian eta Zornotzako Urgozo. Esan bezala, sailkapen faseko liga hau amaituta, eta amaierako sailkapena aintzat hartuta, bi multzoetako taldeek euren artean lehiatuko dute; batzuk kategoriaz igotzeagatik eta, besteak, mailari eusteagatik.

Kartelera
Seniorrez gain, Arrasate Errugbi Taldeko harrobiak ere galtzak bete lan izango ditu asteburu honetan. Gauzak horrela, zapatuan, 16 eta 18 urtez azpikoen txanda izango da. Biek ala biek Iruñea hartuko dute Mojategin; lehenengoek 16:30ean eta, bigarrenek, 18:00etan.
Domeka goizean ere, lehenengo ordutik, jarduerarik ez da faltako Mojategin. Errugbi Eskolako 10 eta 12 urtez azpikoek, zein inklusiboko taldeak, entrenamendu saioa burutuko dute 10:30az geroztik. Bestetik, 14 urtez azpikoek Eibarren izango den topaketan hartuko dute parte. Bertan, Eibar, Hernani eta Atletiko San Sebastian izango dituzte aurkari 12:30etatik aurrera.
0 comentarios