ISEI BARBERO / Argazkiak: Artxiboa
Asteburu honetan jarriko da martxan emakumezkoen Euskal Liga eta, lehen jardunaldiaren baitan, Arrasate Errugbi Taldeko neskek, Eibarrekoekin taldea partekatuz, Iruñeara joango dira. Erik Cuevas eta Asier Delgadoren neskek La Unicari egingo diote bisita arratsaldeko 4etatik aurrera, eta bertan ikasturtea garaipen batekin estreinatzen ahaleginduko dira.
Uda honetan Eibar Errugbi Taldearekin sinatutako hitzarmenaren ondorioz, aurten sarrailagileek eta armaginek taldea partekatuko dute Emakumezkoen Euskal Ligako 1. Mailan, Mutrikuko neskek ere parte hartuko dutela. Konbinatu gipuzkoarrarekin batera beste sei talde arituko dira multzoan nor baino nor: Gaztedi, Uni Bilbo, Hernani, Durango, La Unica eta Bera Bera.
Ligaska honek bi itzuli izango ditu, eta orotara 14 jardunaldi jokatuko dira –gogoratu beharra dago asteburu bakoitzean talde batek izango duela atsedena-. Dena ondo bidean, liga txapelketa martxoaren amaierarako amaituko da eta, horren ostean eta sailkapena aintzat hartuta, amaierako fasea jarriko da martxan.

0 comentarios