ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeko ekipo gehienak lanean dira jada eta, 2022-2023 denboraldia aurreneko pausoak ematen ari den honetan, ohikoa izaten den ikasturte berrirako finkatzen diren helburuen inguruan eta, horiek guztiak gauzatzeko, erabiliko diren bitartekoak hitz egitea.  Honen baitan, klub zuri-moreko Zuzendaritza Batzordeak jakitera eman ditu aurten jarraituko duen bide-orria.

Kirolean jardun baino zertxobait gehiago egin nahi dugu, ingurune positibo eta dibertigarrian errugbia praktikatuz gozatzen duten pertsonez osatutako taldeak egin, alegia”, adierazi dute klubetik.  Horretarako, “guztien parte hartzea sustatu nahi dugu, erronka fisiko zein intelektualak gainditu dezaten kooperazio eta esfortzuaren bitartez”, gaineratu dute.  Testuinguru honetan, eta lehen taldeetatik baino harago joanda, inklusibo, emakumezko, beterano eta amen taldeak ekarri dituzte gogora

Kirol egitura

Esan bezala, Arrasate Errugbi Taldeak ere jakitera eman du aurten edukiko duten kirol egitura.  Iaz bezala, lehen taldeko entrenatzailea Julen Barrutia izango da, Ihabar Arriaranen laguntzarekin.   Abuztuaren 22an ekin zien entrenamenduei Kanpanzar Arrasatek eta, ohi bezala, astean hiru egunetan burutuko ditu lansaioak:  Astelehen, astearte eta ostegunetan, 18:00, 18:30 eta 17:30ean hasita, hurrenez hurren. Emakumezkoen taldeko aulkitxoan ere jarraikortasuna izango da, ekipoak bere hirugarren denboraldiari ekingo baitio Erik Cuevas eta Asier Delgadoren gidaritzapean.  Hauek ere abuztuan hasi ziren lanean, gizonezkoen egun eta ordu berdinetan.

Harrobia eta gainontzeko taldeei dagokionez, 18 urtez azpikoak ere abuztuaren 22an hasi ziren lanean, aurreko bi taldeetako egutegi eta ordutegi berarekin, baina kasu honetan Barrutia bera eta Bittor Manjonen gidaritzapean.  Astebete beranduago, abuztuaren 30an, 16 urtez azpikoen txanda izan zen.  Unai Suinaga eta Giordi Valdezatek zuzenduko dute talde hau, eta lansaioak kasu honetan astearte ostegunetan izango dira, 17:30ean hasita. 

Klubeko gainontzeko sailen txanda irailean zehar izango da.  14 urtez azpikoek irailaren 5ean burutu zuten aurreneko entrenamendua, Oihan Irasuegi eta Danel Zuazubiskarren ardurapean, eta kasu honetan ere lansaioak astearte eta ostegunetan izango dira, 17:30eatik aurrera.  Azkenik, Errugbi Eskolak bere asteroko hitzorduari hilaren 18an ekingo dio, ohi bezala, igande goizetan (10:30).  Kasu honetan, 10 eta 12 urtez azpiko neska-mutilekin lanean Olatz Orokieta, Ander Hickey, Ethan Moral, David Kliba eta Manex Barrutia arituko dira.

Inklusibo, ama eta beteranoen taldeek beranduago ekingo diote ohiko jarduerari, urriaren 2an, hain justu ere.  Errugbi Eskolak bezala, hauek ere igande goizetan entrenatuko dute, eta Ramon Barrutia, Belen Aranbarri eta Julen Barrutia izango dira sail hauetako arduradunak. 


0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *