ISEI BARBERO

Egun hunkigarria gaurkoa, zalantza izpirik gabe, Arrasate Errugbi Taldearentzat, gaur –maiatzak 7- 50 urte betetzen baitira kluba sortu zela.  Hori dela eta, eta lehen taldeak Sarako Izarraren kontrako kanporaketako bueltako partidua zuela aprobetxatuz, goizeko lehenengo ordutik hasi da ospakizunekin klub zuri-morea. 

Goizeko 11:30ean klubeko kide guztiek, gazte zein heldu, bat egin dute Mojategin eta, norgehiagokaren atarian argazkia atera dute harmailetan.  Horren ostean ohorezko aurreskua dantzatu diete eta, partidua hasi aurretik, klubeko sortzaileek –Jabier Iturralde, Jesus Jauregi eta Fernando Peñak- ohorezko sakea egin dute.  Eguerdi partean instituzioen aldetik aitortza jasotzeko ordua iritsi da, eta kasu honetan ekitaldia Arrasateko udaletxean burutu da.  Horren ostean, guztiak mahaiaren inguruan bildu dira Txalaparta elkarte gastronomikoan.

Agur denboraldiari

Gaurkoan, baina, ospakizunak baino zertxobait gehiago egon da, esan bezala, Kanpanzar Arrasatek play-offetako bueltako partidua baitzuen Sarako Izarraren kontra.  Kanporaketa maldan gora zuten arrasatearrek, Iparralden 39-15 galdu baitzuten pasa den astean, eta gaurkoan ezin izan diote markagailuari buelta eman.  Atsedenaldira 12-8 irabazten joan badira ere, azkenean 22-30 nagusitu dira bisitariak.

Partidua ez da ondo hasi Barrutiaren mutilentzat, zutoinen artera bidalitako zigor kolpea eta entsegu baten bitartez Iparraldekoak 0-8 aurreratu baitira ordu laurdena bete orduko.  Etxekoek, baina, ez dituzte besoak jaitsi, eta 30. minutua bete orduko Julen Bellanek entsegua egin eta aldea  murriztu du (5-8).  Atsedenaldira joan aurretik, eta berriro ere protagonista berdinarekin, Kanpanzar Arrasatek markagailua irauli egin du, oraingo honetan transformazioan Arizaletak kalerik egin ez duela.  Gauzak horrela, 12-8koarekin joan dira aldageletara bi taldeak aurreneko 40 minutuak agortuta.  Esan beharra dago etxeko bi jokalari zelaitik erretiratu behar izan direla lehenengo zatian min hartuta.

Argazki galeria osoa tamaina handiagoan hemen.

Atsedenalditik bueltan, baina, egoera okertu egin zaio Kanpanzar Arrasateri.  Hamargarren minutua bete baino lehen zigor-ostiko baten bitartez Sarako Izarrak aldea murriztu du (12-11), baina etxekoen erantzuna berehala iritsi da, Heiko Moralesen entseguarekin (17-11).  Ordu laurdena igarota, baina, Iparraldekoen minuturik onenak iritsi dira.  Bisitariek bost minutuko tartean bi entsegu egin dituzte, horietako bat transformatuz, eta 17-23koa igo da markagailura.  Horrekin konformatu ez, eta arauzko denbora amaitzeko hiru minuturen faltan entsegu berri bat egin eta partidua erabakita utzi dute (17-30). 

Partidua amaitu aurretik, baina, Kanpanzar Arrasatek azken hitza esan du, Beñat Salaberriren entseguaren bitartez (22-30), eta Mojategin bildutako zaleen gozamenerako.  Gaurkoan giroa paregabea izan da, eguraldiak lagunduta, eta garaipena etxean geratu ez bada ere, berdegunean aritu direnek ikuskizun paregabea eskaini dute.  Zalantza izpirik gabe, klubaren 50. urteurrena ospatzeko modurik onena!!!


0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *