ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek denboraldiko azken txanpari ekingo diote asteburu honetan, Euskal Ligako 1. Mailako txapelduna zein den erabakitzeko baliagarria den play-offari, hain justu ere.  Julen Barrutiak zuzentzen duen taldea Iparraldera joango da eta, zapatuan, 16:00etatik aurrera, Sarako Izarrari egingo dio aurre.

Liga txapelketan hirugarren postuan sailkatu ostean, txapelduna zein den jakiteko baliagarriak diren kanporaketak abiaraziko dira asteburu honetan.  Talde zuri-morearekin batera beste hiru ekipo izango dira nor baino nor:  Sarako Izarra, Elorrio eta Errioxa.  Kanporaketa partidu bikoitzera izango da eta, bueltakoa, datorren zapatuan, maiatzak 7, jokatuko da Mojategin, eguerdiko 12:00etan.

Mojategin 30-5 nagusitu zen Kanpanzar Arrasate Sarako Izarraren kontra ligan.

Ohorezko B mailarako baliagarria den fasea jokatzeari uko egin ostean, Euskal Ligako txapelduna izateagatik borrokatuko du Kanpanzar Arrasatek.  Erabaki honen atzean arrazoi ekonomikoak eta azpiegiturakoak daude:  “Igoera fase hori, seguruenik, Lugon jokatu beharko genuke. Eta badakigu orain momentuan ez dugula Ohorezko B Mailan jokatzeko mailarik. Hori liga erdi-profesionala da, taldeek fitxaketak egiten dituzte, eta guk ez dugu horretarako aukerarik. Pentsa, gure kontrario La Unica maila horretatik jaitsi berria da. Aurten, erraz ibili dira gure ligan, guri 40 puntuko aldearekin irabazi ziguten, eta iaz, urte osoan bi partidu baino ez zituzten irabazi. Hau errugbia da, eta maila oneko eta fisikoki indartsuagoak diren taldeen kontra jokatzea garesti ordaintzen da; besteak beste, lesioekin“, adierazi zion Goienari ART-ko kirol zuzendari Julen Barrutiak.

Teknikari zuri-moreak azaldutakoaren arabera, “taldekideendako esperientzia polita izaten da, baina klubarendako dirutza da 28 lagun asteburu baterako Galiziara eramatea: bidaia, hotela… Ez du merezi, jakinda, gainera, fasean edozer eginda ere ez garela mailaz igoko… Diru hori hobeto erabili dezakegu klubean; esaterako, errugbi eskolan. Hau da gure lekua, Euskal Liga. Gainera, Euskal Ligako play-off-erako sailkatuta gaude, eta hori lehiatzeak motibatu egiten gaitu“.

Kartelera

Seniorrek bezala, 14 urtez azpiko taldeak ere zapatuan jokatuko dute.  Zazpigarren postua izango dute jokoan eta, horretarako, Bera Bera garaitu beharko dute Mojategin.  Partidua goizeko 10:30earako deituta dago eta, kategoria eta leku berdinean, Ordizia eta Eibar nor baino nor izango dira 11:00etatik aurrera bederatzigarren postuagatik borrokan.

Igandean ere hitzordua Mojategin izango da, bertan Errugbi Eskolen topaketa izango baita 10:30az geroztik.  Arrasate Errugbi Taldearekin batera, Ordizia, Hernani, Atletiko San Sebastian eta Txingudiko errugbi eskolek hartuko dute parte.


0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *