ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Asteburu honetan Euskal Ligako 1. Mailako azken jardunaldia jokatuko eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak Nafarroa aldera joango dira.  Julen Barrutiaren mutilek Iruñean jokatuko dute ligako azken partidua, kategoriako lider eta oraindik partidurik galdu ez duen La Unicaren kontra, hain justu ere.  Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da, 16:30ean hasita.

Honezkero Kanpanzar Arrasatek ez du ezer jokoan, pasa den asteburuan Mojategin Elorrioren kontra jokatu ostean, jakin baitakite liga hirugarren postuan amaituko dutela.  Esan bezala, asteburu honetan aurrean edukiko duten taldeak norgehiagoka guztiak irabazi ditu eta liderra da 83 punturekin, bigarren sailkatu Elorriok baino 15 gehiago.  Esan bezala, hirugarrena Kanpanzar Arrasate da, orain arte jokatutako 17 partiduetan 60 puntu batu dituena.  Sarrailagileen atzetik Sarako Izarra dago, orotara 46 puntu dituena.

Gauzak horrela, nahiz eta ezer jokoan ez eduki, ona oso izan den liga txapelketa garaipenarekin agurtu nahiko dute Barrutiaren mutilek.  Hori lortzea, baina, zaila izango da oso, La Unica orain arte garaitezina izan baita.  Nafarrek orotara 144 entsegu lortu dituzte, partiduko bataz beste zortzi entsegu baino gehiago.  Arlo defentsiboan ere talde gogorra da La Unica, entsegu bat baino gutxiago jaso baitu partiduko aurtengo denboraldian, 16 orotara.

Testuinguru honetan, ezustekoa ematen ahaleginduko dira Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek, begi bat Ohorezko B mailara igotzeko baliagarrian den fasean dutela.  Honezkero, fase honetarako daten berri eman du Espainiako Errugbi Federazioak.  Aurreneko kanporaketa apirilean jokatuko da, hilaren 23 eta 24ko asteburuan, hain justu ere.  Kanporaketa partidu bakarrera izango da eta, Kanpanzar Arrasateren kasuan, Galizia aldea jokatuko da.  Kategoriaz igotzeko beste bi kanporaketa jokatu beharko dira, maiatzaren amaiera eta ekainaren hasierarako deituta daudenak.

Kartelera

Seniorrek bezala, 14 eta 16 urtez azpikoek ere zaptuan jokatuko dute.  Lehenengoek Bera Berari egingo diote bisita 12:30ean eta, ordu erdi lehenago, bigarrenek Eibarren jokatuko dute.  Domekan Errugbi Eskola eta inklusiboko neska-mutilen txanda izango da, ohi bezala, entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin 10:30eatik aurrera.

Kanpanzar Arrasateko jokalariak zaleak agurtzen Mojategin jokatutako norgehiagoka baten ostean.

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *