ISEI BARBERO / Argazkiak: Mondraberri

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek ezin izan diote azken asteetako bolada onari jarraipena eman eta, liga txapelketako azkenaurreko jardunaldian, amore eman behar izan dute Elorrioren kontra.  Parekatua izan den neurketan bizkaitarrak nagusitu dira azkenean 16-27ko emaitzaz eta, modu honetan, denboraldian hirugarren postuan amaituko dute Julen Barrutiaren mutilek.

Partidua maldan gora jarri zaio etxeko taldeari lehenengo zatian, entsegua eta zutoinen artera bidalitako transformazio eta zigor kolpe banaren bitartez Elorrio 0-10 aurreratu baita.  Lehenengo zatiaren azken txanpan, baina, Kanpanzar Arrasateren erreakzioa etorri da, eta lortutako entseguaren bitartez berriro ere partiduan sartu da.  Elorriok, baina, beste entsegu bat egin du, eta atsedenaldirako bidea 5-17koarekin hartu dute bi taldeek.

Atsedenalditik bueltan Barrutiaren mutilek aldea murriztu dute, oraingo honetan zutoinen artera bidalitako zigor kolpe parearen bitartez (11-17).  Elorriok, ordea, kolpe berri bat eman du, 11-24koa ezarriz.  Etxekoak saiatu dira, eta norgehiagoka amaitu aurretik beste entsegu bat ere egin dute, transformazioan asmatu gabe.  Elorriok beste zigor kolpea bidali du zutoinen artera eta, honenbestez, 16-27ko emaitzaz amaitu da Kanpanzar Arrasate eta Elorrioren artekoa.

Esan bezala, honako hau ligako azkenaurreko partidua izan da, eta honezkero Barrutiaren mutilek jakin badakite hirugarren postuan amaituko dutela, Ohorezko B mailarako baliagarria den fasea jokatuz.  Dirudienez, aurkaria Lugo izango da baina, hori baino lehen, azken jardunaldiaren baitan La Unica liderrak bisitatuko du Mojategi.

Elorriok eraman zituen puntuak Mojategitik zapatuan.
Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *