ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Pasa den asteburuan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Ohorezko B Mailarako igotzeko baliagarria den fasea jokatzeko txartela eskuratu eta gero, asteburu honetan neskak izango dira berdegunera salto egingo dutenak.  Astebeteko etenaldiaren ostean AGT Arrasate/Ordiziak liga txapelketari berrekingo dio, eta Bera Beraren kontra jokatuko duen norgehiagokan ikasturteko aurreneko garaipena bilatu du.  Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da Mojategin, 16:30ean hasita.

Larunbat honetakoa liga txapelketako azken norgehiagoka izango da Arrasate Errugbi Taldeko neskentzat.  Agerian geratu da aurten talde hasi-berria dela Arrasatekoa, Ordiziarekin batera partekatutakoa, orain arte ezin izan baitute partidurik irabazi.  Emaitzetatik baino harago joanda, baina, azpimarratu beharra dago konbinatu gipuzkoarrak eman dituen aurrerapausoak, formazioa izan baita aurtengo ikasturterako finkatu duten helburu nagusia.

AGT Arrasate/Ordiziako neskek aurrean edukiko duten aurkaria, sailkapenari begira, ez dago egoera hobeagoan.  Donostiarrek jokatutako bederatzi partiduetatik hiru irabazi dituzte, eta 15 punturekin azkenaurreko sailkatuak dira.  Testuinguru honetan, denboraldia garaipen batekin agurtzeko aurkaririk aproposena dirudi Bera Bera; oraingoan, gainera, Mojategira gerturatzen diren zaleen hauspoa izango dute bidelagun AGT Arrasate/Ordiziako neskek.

AGT Arrasate/Ordiziako neskek aurten Uni Bilboren kontra Mojategin jokatutako partidua.

Igoera faserako txartela

Esan bezala, iragan asteburuan Atletiko San Sebastian bere zelaian garaituta, hirugarren postua ziurtatu dute Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek eta, modu honetan, Ohorezko B mailarako baliagarria den fasea jokatzeko txartela eskuratu.  Itxura guztien arabera Barrutiaren mutilek Galizia aldera joan beharko dute, dirudienez Ferrol izango baita aurkaria.  Kanporaketa joan-etorrikoa izango da eta, esan bezala, nagusitzen den taldea igoko da kategoriaz.

Igo edo ez, honezkero ezin dena ukatu da Kanpanzar Arrasatek aurtengo denboraldian egindako lana bikaina, txapela kentzeko modukoa.  Jokatutako 16 partiduetatik hiru baino ez dituzte galdu Barrutiaren mutilek, horietatik bi euren aurretik dauden aurkarien kontra jokatutakoak, La Unica eta Elorrio, hain justu ere.  Zuri-moreen beste borrero Sarako Izarra izan da, liga hasieran Iparralden jokatutako partiduan.

Eta liga amaitzeko geratzen diren bi jardunaldietan nafarrak eta bizkaitarrak izango dira sarrailagileen aurkariak.  Honenbestez, mendekua hartzeko parada izango du Kanpanzar Arrasatek eta, zergatik ez, baita ere Elorriori bigarren postua kentzeko.  Izan ere, Gipuzkoarren eta bizkaitarren artean lau puntuko aldea baino ez dago, 60 eta 64 puntu baitituzte, hurrenez hurren.  Kategoriako lider La Unica harrapatzea honezkero ezinezkoa da, nafarrek 73 puntu baitituzte patrikan.

Klubeko amak ere berdegunera

Azken hilabeteetan aurrerapauso nabarmenak eman ditu talde kopuruei dagokionez Arrasate Errugbi Taldeak, horren adierazgarri, besteak beste, sortu berri diren emakumezko eta inklusiboko ekipoak direla. Azken asteetan, baina, talde berri bat aurreneko pausoak ematen hasia da, klubeko jokalarien amena, hain justu ere.

Arrasate Errugbi Taldeko ama batzuk elkartu eta taldea atera nahian gabiltza eta, horregatik, ate irekien hainbat jardunaldi antolatu ditugu jendea erakartzeko”, azaldu du klub zuri-moreko zuzendaritzako kide eta talde honetako partaide Belen Aranbarrik.  Aste honetan, gainera, Gasteizen izan dira Gaztedi taldeko Kamaleioiak izeneko ama taldearekin entrenatzen.  “Kirol hau probatu nahi duenak Mojategira gerturatu eta galdetzea besterik ez du egin behar”, gogorarazten du Aranbarrik.

Arrasate Errugbi Taldeko hainbat ama, asteazkenean, Gasteizen. (Argazkia: Belen Aranbarri)


0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *