ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Zapatu honetan Atletiko San Sebastianen kontra Donostian lortutako garaipenaren ostean, bertan 10-31 nagusitu ziren, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek jada ziurtatuta dute aurtengo denboraldia hirugarren postuan amaitzea.  Modu honetan, Julen Barrutiaren mutilek Ohorezko B mailara igotzeko baliagarria den fasea jokatzeko eskubidea bereganatu dute.  “Oraindik erabaki beharra daukagu igoera fasea edota Euskal Ligako play-offa jokatu baina, seguruenik, igoera fasearen aldeko hautua egingo dugu”, adierazi du teknikari zuri-moreak.  Barrutia berak azaldutakoaren arabera, aurkaria galiziarra izango da, Vigo edo Ferrol.

Esan bezala, Arrasateko taldea aise nagusitu zen zapatuan Anoetako mini estadioan.  Atsedenaldira bisitariak 5-26ko emaitzarekin joan ziren, Salaberri, Portalo, Narbaiza eta Abarrategik lortutako entsegu banari esker, eta Arizaletak gauzatutako hiru transformazioekin.  Bigarren zatian Kanpanzar Arrasate gai izan zen aurreneko 40 minutuetan lortutako errentari eusteko, eta Oihan Irasuegik zuri-moreentzako bosgarren entsegua lortu zuen, amaierako 10-31ekoa ezarriz, donostiarrek ere entsegu bat lortu baitzuten bigarren zatian.

Gauzak horrela, eta esan bezala, Kanpanzar Arrasatek hirugarren postua ziurtatuta dauka, eta denboraldia amaitzeko geratzen diren bi partiduak aurretik dituen bi taldeen kontra jokatuko ditu, La Unica liderra eta Elorrio, hain justu ere.  Edozer gauza gertatzen bada ere, txapela kentzeko modukoa da jada Barrutiaren mutilek egin duten denboraldia.

Kanpazar Arrasateko jokalariak, Mojategin, aurtengo denboraldian partidu amaieran zaleak agurtzen.
Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *