ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Hiru jardunaldi baino ez dira geratzen Euskal Ligako 1. Maila amaitzeko eta, azken txanpa horretako aurreneko hitzorduan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Atletiko San Sebastiani egingo diote bisita.  Donostian jokatuko den partidua zapatu arratsalderako deituta dago, 16:00etatik aurrera Anoetako Mini Estadioan, eta bertan Julen Barrutiaren mutilek azken asteetako bolada onari jarraipena ematea bilatuko dute.

Horretarako hitzordu aproposa dirudi zapatu honetakoa, Kanpanzar Arrasate ez bezala, sailkapen zuloan sartuta baitago Atletiko San Sebastian.  Donostiarrek jokatutako 14 partiduetatik hiru baino ez dituzte irabazi, eta 14 punturekin azken hirugarrenak dira, azken sailkatu Txingudirekiko zortzi puntuko abantaila dutela. 

2017-2018 denboraldian Atletiko San Sebastianen kontra Mojategin jokatutako partidua.

Txuri urdinak sarrailagileen kontrako hitzordura bolada txarrean heltzen badira ere, azken bost partiduak galdu dituzte, Barrutiaren mutilek tentu handiz ekin beharko diote lehiari, aurreko bi partiduetan onenen kontra lehiatzeko gai direla erakutsi baitu Atletiko San Sebastianek.  Le Unica liderraren kontra 0-27 galdu zuten, eta bigarren sailkatu Elorriok egindako bisitan azken emaitza 7-19 izan zen bizkaitarren alde.

Testuinguru honetan, azken partiduetako jarrera eta kontzentrazioarekin zelairatu beharko dira Barrutiaren mutilak Anoetako Mini Estadioan.  Arrasatearrak hirugarrenak dira 55 punturekin eta, liga amaitzeko hiru partiduren faltan, oraindik aukerak izan badituzte aurretik dituzten taldeak harrapatzeko.  Elorriok bederatzi puntu gehiago ditu, eta La Unica liderrak 14.  Gauzak horrela, eta zaila bada ere, oraindik edozer gauza gerta daiteke, ahalik eta gehiago azken bi partiduak nafarren eta bizkaitarren kontra jokatuko dituztela aintzat hartuta.

Kartelera

Seniorrek bezala, 14 eta 16 urtez azpiko taldeek ere zapatuan jokatuko dute, lehenengoek Ordiziaren bisita izango dute Mojategin (11:00), eta bigarrenak Arripausuetan arituko dira Durangoren kontra (12:30).  Azkenik, Errugbi Eskolako neska-mutikoek Iruñean izango den topaketan hartuko dute parte domeka goizean, 10:00etatik aurrera.


0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *