ENEKO AZURMENDI (www.goiena.eus)

Errugbian, Euskal Ligako Lehen Mailan, Kanpanzar ARTk garaipen garrantzitsua lortu du Domiberia R.C. Rioja taldearen aurka (17-16). Aurrez, baina, 50.urteurrenaren baitan, Agustin Aranburu eta Ceferino Mondragon omendu dituzte, eta haiek egin dute ohorezko sakea. Klub zuri-morearen fundatzaileetako bi dira Aranburu eta Mondragon.

Partiduari dagokionez, haizeak asko baldintzatu badu ere, lehia estua eta polita ikusi ahal izan dute Mojategira gerturatu direnek. Sailkapeneko hirugarrena eta laugarrena aritu dira nor baino nor gehiago eta, asko sufrituta, baina garaipen garrantzitsua lortu du gaur Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak.

ARGAZKIA: Goiena

Lehen zatian hobeto irten dira etxekoak, defentsan sendo eta erasoan, eraginkor. Hala, lau puntuko aldearekin iritsi dira atsedenaldira (17-13). Hala ere, bigarren zatian haizea zakartu egin da eta errugbi gutxiago ikusi ahal izan dute zaleek. “Hainbeste haizerekin oso zaila da joko on bat ikustea, paseak eta ostikoak askoz ere zailagoak direlako kalkulatzea. Dena den, zorte apur batekin eta defentsan lan handia eginda, irabaztea lortu dugu”, adierazi du Barrutiak.

Denboraldi bikaina egiten ari da Kanpanzar ART, etxean sendotasun handia erakutsiz. “Hamabost partidutatik hiru bakarrik galdu ditugu, etxean bakarra galdu dugu. Alde horretatik, bide onean goaz, helburua lortzen”. Entrenatzaileak aipaturiko helburu hori igoera faserako play-offa da, eta gaurko garaipenarekin ia ziurtatuta du hori talde arrasatearrak. “Edozelan ere, hirugarren postua mantentzen saiatuko gara, kanporaketan kantxa faktorea alde izateko”. Kontuan hartu behar da aurreko bi taldeak oso indartsu daudela, bai La Unica RT “A” eta baita Betsaide Elorrio RT ere.

Play-offetan, finalaurrekoak jokatuko dituzte lehenik (bi partidutara) eta ondoren, finala. “Finalera heltzen bagara, pozik amaitzeko moduan egongo gara. Gero, irabaztea lortzen badugu, askoz hobe”.

Lesioei dagokienez, oro har, zorteko dira arrasatearrak. “Badaude betiko lesio txikiak, baina okerrago ere ibili izan gara, beraz, ezin gara kexatu”.

BIDEIOA: https://goiena.eus/arrasate/1647107275387-ohorezko-sakea-lehenik-garaipen-estua-ondoren


0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *