ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeak jardunaldi berri bat izango du asteburu honetan eta, honen baitan, mutilek Errioxa hartuko dute Mojategin eta, neskek, Hernaniri egingo diote bisita.  Lehenengoak azken asteetako bolada onari eusten ahaleginduko dira Errioxaren kontrako neurketan, zapatu arratsaldean, 16:00etatik aurrera, jokatuko dena.  Neskek, berriz, azken asteetan izandako etenaldiaren ostean liga txapelketari berrekingo diote mutilek baino ordu erdi lehenago, 15:30ean Landaren, hain justu ere.

Julen Barrutiaren mutilak txapela kentzeko moduko denboraldia ari dira burutzen, gaztea oso den taldearekin, gainera.  Une honetan talde zuri-morea hirugarren sailkatua da 51 punturekin, lehen eta bigarren sailkatu La Unica eta Elorriotik 13 eta 9 puntura, hurrenez hurren.  Sarrailagileen jarraitzailerik gertukoena Errioxa bera da, 15 puntu gutxiago dituena.  Gauzak horrela, zapatu honetan garaipena eskuratuz gero, esan daiteke Kanpanzar Arrasatek bermatuta edukiko lukeela hirugarren postua aurtengo denboraldian.  Esan bezala, gaztea oso den taldearentzat meritu handiko balentria Euskal Ligako 1. Maila moduko kategoria lehiakorrean.

Lau partidu baino ez zaizkio geratzen Kanpanzar Arrasateri liga erregularra amaitzeko:  Errioxarekin batera, denboraldia amaitu bitartean Elorriok eta La Unicak bisitatuko dute Mojategi datozen asteetan eta, kanpoan jokatuko duten partidu bakarrean, Barrutiaren mutilek Atletiko San Sebastiani egingo diote bisita.

2018-2019 denboraldian Errioxaren kontra Mojategin jokatutako partidua.

Neskak Hernanira

Mutilek ez bezala, AGT Arrasate/Ordiziako neskek etxetik kanpo jokatuko dute asteburu honetan, Hernaniren zelaian, eta bertan ikasturteko aurreneko garaipena bilatuko dute.  Aurrean edukiko duten aurkaria ez da makala izango, jokatutako zortzi partiduetatik bost irabazita, hirugarren sailkatua baita Hernani 25 punturekin, Gaztedi liderretik hiru puntura baino ez.  Honako hau ligako azkenaurreko partidua izango da AGT Arrasate/Ordiziako neskentzat, bi aste barru Bera Berak egingo duen bisita baino lehen.

Asteburuko gainontzeko hitzorduei dagokionez, 14 zein 16 urtez azpiko taldeek ere zapatuan jokatuko dute, lehenengoek Mojategin Gaztediren kontra eta, bigarrenek, Gaztediren zelaian.  Batzuek zein besteek goizeko 11etan izango dute hitzordua.  Azkenik, eta ohi bezala, domeka goizean Errugbi Eskolaren entrenamendu saioa izango da Mojategin goizeko 10:30ean.

Ohorezko sakea

50. urteurreneko egitarauarekin jarraituz, asteburu honetan senior mailako taldeak jokatuko duen norgehiagokaren atarian berriro ere ohorezko sakea egingo da eta, oraingo honetan, klub zuri-morearen beste bi fundatzaile izango dira protagonistak:  Agustin Aranburu eta Ceferino Mondragon.


0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *